Espainiako segurtasun indarrek burututako azterketa zientifikoak aipatuz, ihes eginda dagoen Arkaitz Goikoetxea algortarrari
egotzi dio Europa Press albiste agentziak, martxoaren 21ean
Calahorrako (Errioxa, Espainia) Guardia Zibilaren kuarteletik gertu jarritako bonba-autoaren berri emanez, ETAren izenean Bizkaiko DYAra deitu izana. Grabazioaren azterketak "argi utzi du ahotsa su-etena hautsi eta ondorengo atentatu gehienetan parte hartu duen Bizkaiko komandoko kidearena dela", iturri horien arabera. Eztanda egin zuen autoa bertan jartzea, berriz, Jurdan Martitegi durangarrari leporatu diote. Eta Honda Civic urdina jabe zen bikoteari kotxea lapurtzea eta horiek zaintzea beste bi laguni. Horretaz gain, martxoaren 7an Arrasaten jazo zen
Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohiaren hilketaren egilea talde hori izan daitekeela dio Espainiako Barne Sailak. Are gehiago, "lekuko baten adierazpenetan oinarrituta", Goikoetxeari berari leporatzen diote Carrasco tirokatu izana. "Hala ere, identifikazio hori ez da erabatekoa, pistoladunak bizar faltsua baitzeraman", gaineratu dute.