Esan bezala, eraikinen gaineko lanak Enplegu Tailerreko ikasleek egingo dituzte. Ekimen horretan 25 urtetik gorako gazteek parte hartzen dute, trebatu eta gero, praktika lanetan hasteko soldata txiki baten truke, udal arduradunek azaldu dutenez. Gehienetan, ondare historikoaren gainekoak izaten dira horiek. Orain arte, Mendilibe jauregia, Elexalde errota eta Artatzako jauregian ibili dira beharrean. Ondizko dorretxea, berriz, 2009an hasiko dira atontzen eta lanok hiru urte luzatuko direla uste dute tokiko agintariek. Eneko Arruebarrena alkateak atzo aitortu zuenez, dorretxea berreraikitzea "ez da merkea suertatuko, materialez gain, irakasle eta ikasleei soldatak ordaindu behar zaizkiolako". Hala ere, ekimena mesedegarritzat jo du Leioako Udalak, "batetik, gazteen trebakuntzaren alde egiten jarraitzen dugulako; eta bestetik, udalerriko ondare historikoa leheneratzeari ekingo diogulako, Bizkaiko ibilbide turistikoaren barruan kokatzeko asmoz". Egitasmoaren aurrekontua milioi bat eurokoa izango da.
XVI. mendekoa
Lan horiek aurrera ateratzeko, dorretxearen jabe den familiarekin akordio batera heldu da Udala. Arruebarrenaren hitzetan, "oraingoz behin-behinekoa da hitzartutako erabilera emakida; baina hori behin betikoa izango da eremu horretako lur zatitzea egiten dugunean. Horrela, etxea konpontzeaz gain, parkea handiagotuko dugu; baita gotorlekuaren aztarnak berreskuratu ere". Azterketa sakona egin ostean, Ondizko dorretxea XVI. mendeko dela ziurtatu dute adituek, 1.515 ingurukoa hain zuzen, orain arte zaharragoa zela uste bazen ere. Ikerketak aipatzen duenez dorretxea baino landa-jauregia zen Ondizekoa, familia aberats batena. Leioako eraikin zaharrenetariko horren azalera 84 metro kuadrokoa da, eta 8,5 edo 10 metroko altuera izango du obrak bukatzean, solairu bat ala bi egingo duten ez dakitelako oraindik. Alkateak aurreratu bezala, lan horiek amaitzerakoan, 2011 inguruan, Aketxeko Kortasena baserria leheneratzeari ekingo diote Enplegu Tailerreko ikasleek.