Apirilaren 3an, ostegunarekin, abiatuko dira Aniztasunaren aldeko eta Diskriminazioaren aurkako IV Jardunaldiak, “Mundua mugitzen duten eskuak” izenburuko hitzaldiarekin eta “Islama, guztion ondare“ erakusketarekin. Lehenengoa, Itzubaltzeta / Romoko Nagusien Etxeko batzar aretoan izango da, 19:00etan. Emakume atzerritarrek etxetan egiten duten lanaz mintzatuko dira bertan, Silvia Carrizo Malen Etxea emakume etorkinen elkarteko kideak egin eta Comillaseko (Kantabria, Espainia) Unibertsitateak aurten saritutako lanean oinarrituz. Erakusketa, berriz, apirilaren 19ra arte egongo da zabalik Algortako Torrene kaleko aretoan. "Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako eduki pedagogikoa duen kultur egitasmoa da, baina bere informazio izaeragatik jende orori dago zuzenduta", Coriak adierazi duenez. Kultura Islamikoaren Fundazioak eta Alarabetah euskal zentro arabiar-libiarrak antolatu dute eta, astelehenetik ostiralera, 17:30etik 20:30era bisitatu ahal izango da. Larunbatetan eta igandetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara. Erakusketa aretoan ekitaldi osagarri batzuk ere izango dira, tartean, idazkera arabiar tailerra, apirilaren 11n, eta kultura islamiarrari hurbilpen tailerra, hilaren 18an; biak ala biak 18:00etatik 20:00etara.
Kultur Arteko Jaia
Apirilaren 5ean, larunbatarekin, adin guztietarako Kultur Arteko Jaia izango da Algortako Juan Bautista Zabala ikastetxeko patioan, 17:00etatik aurrera. Egun horretan, Itzubaltzeta / Romoko kultur aretoan, “Ipuin kontalaria kultur artekotasun eta bakerako tresnatzat” ikastaroa eskainiko du, 10:00etan, Boni Ofogo Kamerungo kontalari profesional eta Madrilen kultur artekotasun bitartekariak. Izen-emateak 944 660 130 telefono zenbakiaren bitartez egin beharko da. Hilaren 9an, berriz, Gerardo Olivaresen “14 kilometros” izenburuko pelikula proiektatuko dute, Algortako Getxo Antzokian, 19:30ean. Hain zuzen ere, "Afrikatik Europara dagoen distantzia eta, aldi berean, Afrikako milioika lagunen ametsetarako dagoen oztopoa" dira 14 kilometro horiek. "Goseari eta txirotasunari ihes egiteko beste aukerarik ez dutela uste dute askok", aipatu du Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.
Apirilaren 10ean, 19:00etatik aurrera, “Familia elkartzeari ekiten dioten etorkinak” lelopeko mahai ingurua egingo dute Itzubaltzeta / Romoko Nagusien Etxean. Ekitaldian Errefuxiatuen Laguntzarako Espainiako Batzordeko (CEAR), Familia Terapiarako EAEko eta Nafarroako Elkarteko (AVNTF) eta Bitarteguneko ordezkariek hartuko dute hitza. Mahainguruan eta lehenengo eguneko hitzaldian zehar haurtzaindegi zerbitzua izango da. Amaitzeko, apirilaren 12an izango da jardunaldien azken ekitaldia: Areetako ludotekan 10:00etatik 13:30era egingo duten “Neskak eta mutilak, aniztasunean jolasten eta ikasten” izenburuko tailerra alegia.