Politikan ere aniztasun hori nabaria da, ez bakarrik ezker eta eskumaren arteko dialektika klasikoaren baitan, baizik eta elkarren artean ditugun sentimendu identitario ezberdinetan edota politika egiteko esparru ezberdinak erabiltzen ditugun alderdien artean.
Larunbat goizeko Udalbiltzaren ekitaldia (bideoa) ere, aniztasun horren adierazpen garbia izan zen. Hasteko Dominique Lesbats, Uztaritzeko auzapez berriak eman zigun harrera. Lesbats ez da Alkate abertzalea, baina ez zuen problemarik izan ekitaldiari hasiera emateko eta bertan geunden guztiei ongi etorria eskaintzeko. Ez dakit horrelakorik posible izango litzatekeen Hegoaldean abertzaleak ez diren alderdien aldetik. Alkateak frantsesez hitz egin zuen, batez ere. Segidan Raimuntxok frantsesa eta euskara erabili zituen eta azkenean Udalbiltzaren Lehendakaria ere euskaraz aritu zen.
Raimuntxo Camblong-ek, Udalbiltzako Iparraldeko kidea eta jeltzalea, Uztaritzen geundela aprobetxatuz ondo azaldu zigun, bertan Lapurdiko herrialdearen ordezkariak bildu zirela XV mendetik XVIII mendera arte, Frantziako iraultzaren ondoren kendu zuten arte, eta nola bertan ere Lapurdiko eta Iparraldeko lurraldeen eskubideak eta legeak defendatzeko agindu zietela legegizonak ziren Garat anaiei, Parisen 1789an gertatutako iraultzaren ondoren garatu ziren Frantziako batzar nagusietan. Zoritzarrez defentsa horretan ez zuten asmatu eta iraultzak Lapurdi eta Iparraldeko eskualde guztietako lege bereziak bertan behera uztea erabaki zuen. Ez bakarrik hori, Frantziako estatuaren antolaketa administratibo berria erabakitzeko momentuan Garat anaiek Iparralderako departamendu bakar eta bateratu bat eskatu zuten euskal nortasun bereiztua argudiatuz, baina orduan ere Frantziako asanblada konstituziogileak atzera bota zuen proposamena.
Gustatu zitzaizkidan, asko gainera, Raimuntxoren azalpenak, ez bakarrik ondo azalduak izan zirelako, eta erakargarriak ere, hainbat datu eta anekdota barne, baizik eta eurekin gure historiaz jakitea zer inportantea den konturatu nintzelako, berriz ere.
Zoritzarrez, historia berberarekin gabiltza gaur egunean. Urteak eta mendeak pasa ondoren, gauzak ez dira gehiegi aldatu eta denok dakigun bezala gaur egunean ere Iparraldeko lurraldeek ez daukate departamendu propiorik, ezta euskara hizkuntza ofizial bezala onartuta.
Hegoaldean gure nortasuna defendatzeko eta bere etorkizuna bermatzeko zailtasunak baditugu, zer esango dugu beraz Iparraldean.
Bide luze eta gogorra daukagu aurrean oraindik. Alde horretatik bertako azken toki hauteskundeen emaitzak ez dute gehiegi lagunduko, baina edozein kasutan aurrera jarraitu behar dugu, itxaropena galdu barik, denon artean elkarri lagunduz, Hegoaldekook eta iparraldekoek, zazpiak bat, bide demokratikoak erabiliz, giza eskubide guztiak pertsona ororengan errespetatuz; herritarren borondate librean eta Euskadi osatzen duten lurralde desberdinen atxikimendu librean oinarrituz, azken batean denok euskaldunak baikara Pirinioetako alde batean edo bestean egonda ere.
Imanol Landa Getxoko alkate jelkideak herenegun bere bitakoran idatzitako artikulua