Besteak beste, alderdiak eta erakundeak legez kanpo mantentzea eta hauteskundeetan bozkatzeko aukerarik gabe ere uztea "gerra zikintzat" jo du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak; baita euskal preso politikoen aurkako "errepresioa" ere. Horren harira, Fernando Etxegarai Gaztearena plentziarraren, Jon Bilbao Moro asuarraren eta Anjel Figueroa Fernandez algortarraren egoera gogora ekarri du errepresioaren aurkako erakundeak. Lehenengoa urtarrilaren 4an atera zen Pontevedrako A Lamako espetxetik, zigor osoa beteta. Senideentzat ezustekoa izan zen, hilabeteak data horretan kaleratze eguna finkatuta izan arren, eguna heltzear zela horri buruzko berririk ez zutelako, baita egun horretarako bisita eman zietelako ere. Izan ere, beldur ziren azken hileotan hain zabalduta dagoen Parot doktrina plentziarrari ere ez ote zioten aplikatuko. Bada, Etxegarai bi hilabete eta erdi kalean eman ondoren, martxoaren 18an egi bihurtu ziren familiakoen susmoak. Plentziarra bilatu eta atxilotzeko agindua emana du Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. atalak, aske jartzea erabaki zuen sekzio berbera alegia. Bitartean, abokatuek helegitea aurkeztu dute eta kalean da oraindik Etxegarai.
Jon Bilbao
Asuakoak, berriz, osasun egoera "larria" bizi du: "iztai-etena pairatzen du eta hestegorria eta bista oso kaltetuta ditu, baina ospitalera joateari uko egiten dio leku aldaketetan ematen dioten tratuagatik. Txarto pasatzen du, okerren eramaten duena da hori. Bizkar eta hezurretako gaitzak ere jasaten ditu, eta medikuak oftalmologoarengana joateko esan dio, baina kaleratuko denean orduan joango dela dio... noizbait irtengo bada", adierazi zuen orain bi hilabete "Gara" egunkariari eskainitako deklarazioetan, Lurdes Velez Jon Bilbao Mororen bikotekideak. Horren aburuz, "kartzeleroek" asko eragin dute Jon Bilbaoren osasuna okerrerako bidean jartzeko: "okerrena tratu txarrak dira, psikologikoak eta ahozkoak, miaketak eta ziega aldaketak. Haiek badakite eta beti doaz bere aurka, ahulenaren kontra. Baita ni zirikatzen saiatzen dira ere, bis a bis-etan. Beste bisitak nire aurka jartzen saiatzen dira, baina ni isiltzen naiz". Urtarrilaren 15ean Jon Bilbao Moro Erandioko presoak 26 urte bete zituen Espainiako kartzeletan eta egun gatibu dute Euskal Herritik 850 kilometrora dagoen Alacant-eko Fontcalent espetxean. AAMk behin eta berriro salatu du asuarra betetzen ari den kartzela-epea "ohiko espetxealdia" ez dela, "30 urteko zigorrarekin euskal preso askok 18, 20 edo 22 urterekin kaleratu baitira".
Anjel Figueroa
Anjel Figueroa Algortako euskal preso politiko gaixoa berriro eraman behar izan dute Gasteizko Txagorritxu ospitalera, atzo bertan beste epilepsia krisialdi bat izan zuelako. Ziegakideak berak deitu zuen algortarraren etxera, Figueroa oso txarto zegoela esanez, errepresioaren aurkako erakundeak adierazi duenez. Urtarrilaren 28an ere ospilateratu behar izan zuten, egun batzuk lehenago, Txagorritxun hilabetea egin ostean, Langraitzeko espetxera bueltatu eta lau krisialdi sufritu zituelako. Algortarrak gaixotasun kroniko eta sendaezina du: epilepsia tenporala eta eskuinaldeko esklerosi mesiala, hain zuzen. Gainera, ezkerraldeko lobulu tenporalean beste foku bat duela antzeman zioten orain hilabete batzuk. Horren ondorioz krisialdi epileptiko larriak izaten ditu, krisialdi horietan konortea galtzen du, eta tartean absentziak, memoria galerak eta haluzinazioak ere izaten ditu. Horrenbestez, Anjel kalera! herri ekimena abiatu zuten 2007ko azaroaren 17an 50 bat algortarrek, euren auzokideari Espainiako Kode Penalaren 92. artikulua aplikatu eta espetxetik atera dezatela eskatzeko asmoz.
33/01 auzia
Amaitzeko, apirilaren 21etik aurrera Espainiako Auzitegi Nazionalean egingo den epaiketa ere "gerra zikinaren" testuinguruan kokatu dute gaurko ekitaldiko hizlariek. Hain zuzen ere, Berangoko Jagoba Terrones eta Getxoko Mitxel Sarasketa preso ohiak daude epaituko dituzten Amnistiaren Aldeko Batzordeak (AAB), Senideak edo Askatasuna erakundeetan lan egindako 27 euskal herritarren artean.