Gaur, larunbata, eta bihar arteko gauean ordubete aurreratu beharko dira erlojuak. Horrela, 2:00etan 3:00ak izango dira. Ondorioz, gaur gauean lo egiteko edo parrandan ibiltzeko ordu bat gutxiago izango du jendeak. Europar Batasun osoan aurreratzen dira erlojuak Ordu Aldaketa deritzon Europako Erkidegoaren Zuzentarauari jarraituz, energia aurrezteko helburuarekin. 1974tik aurrera hasi zen ezartzen ordu aldaketa hori, petrolio krisiarekin eguzkiaren indarra aprobetxatzeko erlojuak ordubete aurreratzea erabaki zutenean herrialde batzuk. Horrela, argia produzitzeko elektrizitate kopuru txikiagoa behar da. Udako ordutegiari beti martxoko azken igandean ematen zaio hasiera eta amaiera urriko azken igandean. Espainiako Komertzio, Turismo eta Industria Ministerioaren Energiaren Dibertsifikaziorako eta Aurrezpenerako Institutuaren aurreikuspenen arabera, ordu aldaketaren ondorioz, argindarrean 300 milioi euro gutxiago gastatzen dira, %5 bat aurreztuz.