Ertzaintzak A.G.G. 28 urteko gizonezkoa atxilotu zuen atzo eguerdian, Areetako metro geltokian, "eraso delitu bat egin izana leporatuta". Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak zabaldutako bertsioaren arabera, 12:30ak inguruan, gaztea geltokira bidai txartelik gabe, txartelak balioztatzeko makina baten gainetik salto eginda igaro zela antzeman zuen geltokiko ikuskatzaileak. Hori dela eta, garraioa erabili nahi izanez gero txartela ordaindu beharko zuela esan eta egindako aurpegiratu zion Metro Bilbao enpresako langileak. Ustezko erasotzailea hasieran geltokitik joan eta, handik gutxira itzulita, ikuskatzailea bizkarrean mailu batez jo zuela adierazi dute polizia iturriek. "Orduan, artatzen ari zen bidaiari baten laguntzaz, biktimak erasotzailea mendean hartu zuen, baina horrek berriz jo zuen atzamar batean. Erasoa ikusi zuten beste hainbat pertsonek Ertzaintza heldu arte atxiki zuten erasotzailea", gaineratu du Herrizaingo Sailak. Metro Bilbaok, baina, atzokoa "eraso saiakera" izan zela adierazi du gaur zabaldutako oharrean. Garraio enpresaren arabera, laguntza eskatu zion emakume batekin zegoen ikuskatzailea mutila berriro agertu zenean. "Gaztea ikuskatzailea mailuarekin mehatxuka ikusi eta jotzeko asmoa zuela ohartzean, emakumea eta geltokian zeuden beste pertsona batzuek Metro Bilbaoko langileari laguntzera joan ziren berehala. Jendeak, kasualitatez Imanol Landa Getxoko alkatea ere tartean, gazteak ikuskatzaileari eraso egitea saihestu zuen", adierazi dute metroko arduradunek.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!