Martiartun ospatuko dute igandean Kanpomartxo

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mar. 31a, 20:23

Antzina, Erandioko auzo ezberdinetako baserritarrak batzen ziren, apirilaren hasieran aukeratutako egun eta tokian, musika doinuz eta dantzaz beteriko jai egunaz gozatzeko. Finean, erandioztar guztien arteko harremanak sendotzeko balio zuen ospakizunak. Bada, hainbat hamarkadatan galduta egon ostean, orain dela 18 urte berreskuratu zuen baserri giroko euskal jaia Berbots Erandion Euskaraz elkarteak. Ordutik hona, udalerriko txoko ezberdinak txandakatuz egin dute urtetik urtera. Gauzak horrela, igandean, apirilak 6, Martiartun ospatuko dute aurtengo Kanpomartxo. Eguerditik aurrera, dantzak, bertsolariak, antzerkia, jolasak... edukiko dituzte, egunean zehar, bertan batzen direnek. Besteak beste, Trabudu, Goi Alde eta Uztargi dantza taldeak eta Algortako Bertsolari Eskola (ALBE) dituzte laguntzaile Berbotsekoek.

Egitaraua:

12:00 Herriko dantza taldeak.
13:00 Bertsolariak: Xabier Paya eta Aitor Mendiluze.
14:30 Herri bazkaria (nork berea eginda).
17:00 Betiko kantuak Kepa Arrizabalaga eta Roberto Etxebarriarekin, mahaiaren inguruan bazkalosteko goxoa egiteko. Bitartean, umeentzako antzerkia (Zirika Zirkus).
18:00 Erromeria Tapia eta Leturia taldearekin, beraz, denok dantzatzera!

Egun osoan zehar, musika, umeentzako puzgarriak, arku tiroa, jokoak, taloa eta batez ere, guztion animu ederra.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun