Euri gogorrak, haizeteak eta hotzak ez zuten lortu atzoko herri lasterketan izena eman zuten 700 korrikalari baino gehiago etxean gelditzea.
Sopelako Udalaren eta
Euskadiko Kutxaren babesaz,
Munarri atletismo taldeak antolatuta, Sabino Arana kalean (udaletxe ondoan) zuen irteera eta helmuga lasterketak. Erauntsi eta guzti, iragarritako ordutegian hasi ziren probak. Hori bai, eguraldiak eragina izan zuen lortu ziren denboretan. Gazteenak hasi ziren, adinez txikienetatik abiatuta, sei talde ezberdinetan, 400, 800, 1.200 eta 1.500 metrotan lehiatuz. Helduen artean, Raquel Llamas Gago Santutxu taldeko gasteiztarra eta Unai Saenz de la Fuente La Blanca taldekoa izan ziren irabazleak, 30,17 eta 26,32 minutuko denbora eginez, hurrenez hurren. Sopeloztarrik azkarrena, berriz, Imanol Marroquin izan zen, 27,31 minutuko denboraz bostgarren sailkatuz gizonezkoen artean. Lasterketa amaitzean, partehartzaileek sariak eta garaikurrak jaso zituzten udaletxean, tokiko agintarien eskutik. Gizonezko eta emakumezko seniorrei, halaber, zazpina diru-sari eman zizkieten. Argazkian, Sopelako herri lasterketaren aurreko edizioetako baten irudia.