Bestalde, apirilaren 4an eta 11n Kontularien Klubeko saioak egongo dira, helduentzat. Lehenengoan, Kandelen Argipean taldeak istorio erotikoak ekarriko dizkigu, “Sexo oral” izenpean. Bigarrenean, klubeko ohiko kideek parte hartuko dute eta beraiek sortutako ipuinak eta istorio ezagunen moldaketa pertsonalak kontatuko dituzte. Hilaren 17an, berriz, “Versos de fuga y fuego” musika eta poesia ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da Galatea taldearen eskutik. Horretan, besteak beste, Pablo Neruda, Jose Hierro, Mario Benedetti, Gloria Fuertes eta Rafael Albertiren olerkiak eta gitarra eta piano musika uztartuko dira. Hiru saio horiek Villamonte kaleko kultur etxean izango dira, 19:00etan, sarrera doan.
Gainera, aurten ere obra baten aurkezpena egingo da Liburuen Hilabetean, bertoko egile baten eskutik. Oraingo honetan, bere azken lana aurkeztuko du Jose Maria Beascoechea Gangoitik EHUko Historia irakasleak; “Propiedad, burguesia y territorio: la conformacion urbana de Getxo en la Ria de Bilbao (1850-1900)”, hain zuzen ere. Ekitaldia apirilaren 22an izango da, San Nikolas plazako liburutegian, 19:00etatik aurrera.
Liburuen Azoka
Azkenik, amaiera paregabea izango du egitasmoak Liburuen Azokaren eskutik. Apirilaren 23tik 26ra egingo da, Telletxe plazan, 11. edizioa. Liburuen erakusleiho izango da hori eta, bertan kokatuko diren 10 etxoletan, bisitariek azken nobedadeak erosteko aukera izango dute. Ohi bezala, udal liburutegiak ez dira faltako eta, horien etxolan, hainbat liburu irakurri eta mailegu-zerbitzua erabili ahal izango da.
Azken urteotan gertatu den moduan, gai nagusi bat izango du Liburuen Azokak. Aurten, euskal mitologia da hautatutako gaia. Horrela, azoka dela eta egingo diren ekitaldiek gai horri lotuta egongo dira. Besteak beste, tailerrak, jolasak, eskulanak, antzerki-ikuskizunak eta ipuin-kontaketak egongo dira. Horiez gain, aurten ere ohiko jendaurreko irakurketa egingo dute udalerriko zenbait ikastetxetako ikasleek. Azkenik, San Nikolas liburutegiko argazkiak biltzen dituen erakusketa egongo da ikusgai. Azoka 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik.