Espainia eta Frantziako Gobernuek euskal preso politikoekin darabilten "espetxe politika hiltzailea" salatzeko, aste bukaerarako mobilizazioak deitu ditu
Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. 82 espetxetan sakabanatuta dauden gainontzeko 736 lagunak ahaztu gabe, arreta berezia jarriko diote Anjel Figueroa Fernandez algortarraren, Jon Bilbao Moro asuarraren eta Fernando Etxegarai Gaztearena plentziarraren egoerei. Lehenengoak egoera larrian jarraitzen du Gasteizko Txagorritxu ospitalean, epilepsia krisialdi berria sufritu ostean. Bigarrenak, berriz, 26 urte daramatza espetxean. Hirugarrenari dagokionez, kartzelan 21 urte bete eta kaleratu ostean berriro atxilotu eta espetxeratzeko agindua eman dute. Gauzak horrela, ostiralean, apirilak 4, herri guztietan egingo dituzte elkarretaratzeak, 20:00etan. Igandean, berriz, 13:00etan, Plentziako Astillero plazan. Argazkian, martxoko azken ostirala Algortan.