Getxoko Andra Mari kiroldegian hartu dituzte goizean Algortako kaira gaur iritsi den Saga Rubi ontzian etorritako Erresuma Batuko 600 lagunak (guztiak 65 urtetik gorako pentsionistak dira eta bidaiarien batez besteko adina 77 urtekoa da). Bi txandatan banatuta, zesta-punta, txalaparta, haizkolaritza eta harrijasotze ikuskizunez gozatzeko aukera eduki dute bertan. Ondoren, Bizkaiko Zubira eraman dituzte Gizateriaren Ondarea izendatutako monumentua ikusteko. Azkenik, Bilbora joan dira Guggenheim museoa ezagutu eta Bizkaiko hiriburuaren ikuspegiaz gozatzeko Artxanda gainetik. Londreseko Denis Carter turistak adierazitakoaren arabera, ostiral arratsaldean atera ziren Southampton-etik (Ingalaterra) eta gaur goizean esan diete gurera heltzear zeudela. Aurretik, beste bi geldialdi egin dituzte Frantzia aldean. Hain zuzen ere, horixe da bidaiaren gakoa: ezustekoa. "Ondo dago itsasontzira heldu eta hurrengo geldialdia non egingo duzun ez jakitea", azaldu du ingelesak. "Maletan zer sartu ere ez genekien hasieran", aitortu duenez. Argazkian, turistak haizkolaritza saioaz gozatzen.