Latzen taldearen Infernuko Ateetan Tour izeneko birak azken kontzertua izango du larunbat honetan, apirilak 5, Algortako Portu Zaharrean. Getxoko Udalak antolatutako Kantuketan 2008 musika jardunaldien harira, Lor bermeotarren ostean eskainiko du saioa Oñatiko laukoteak. 1999ko abuztuan desegitea erabaki eta gero, Latzenen indarra berreskuratu eta zuzeneko kontzertu jakin batzuk emateko elkartu ziren berriro, orain hilabete batzuk, Gorka Lazkano (bateria), Joxemari Azpitarte (baxua), Iker Martinez de Zuazo (kitarra) eta Aitor Uriarte (ahotsa eta kitarra), "entzuleek merezi duten bezala agur esateko asmoz". Lor talde gaztea bestalde, Elorrion sortu zen eta 2003an argitaratu zuen "Lor" izeneko lehen diskoa. Rockaren indarra eta doinu ezti-goxoak nahasten ditu. Proiekzio handienetakoa duen euskal taldea izatera iritsi da. Aurreko azaroan argitaratu zuten bigarren lana, "Bakoitzari berea". Latzen eta Lorren kontzertua 20:00etan hasiko da Portu Zaharrean jarritako karpan, sarrera doan. Argazkian, azaroan Bilboko Kafe Antzokian izandako kontzertua /
EHko Freelance