Getxoko Udaltzaingoak 38 eta 25 urtetako bi gizon atxilotu ditu, sari nagusia lortzeko txanpon makinak manipulatzea leporatuta. Tokiko polizia iturriek zabaldutako bertsioaren arabera, atxilotutakoak Getxoko Kirol Portuan harrapatu zituzten, zehaztu ez duten datan, 292 euro irabazi ondoren makina bat manipulatzen ari zirenean. Atxiloketa unean, aurretik egondako beste toki batzuetako makinetatik ateratako 2.000 euro zituzten, gaineratu dutenez. Sari nagusia lortu arte dirua galdu gabe jokatu ahal izateko sistema omen zuten H.Y.-k eta M.X.-k. Bestalde, joan den ostiralean bost adingabe atxilotu zituzten Algortan udaltzainek, ziklomotor baten piezak lapurtzen saiatzen ari zirelakoan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!