ETA erakunde armatuak 1982ko azaroaren 18an hil zuen, Bilbon, Cesar Uceda Vera Espainiako Armadako teniente eta Leioako Musika Eskolaren hastapenetan bertoko irakasle zena. Ordutik hona, hainbat omenaldi egin zaizkio udalerri leioaztarrean eta, orain bi urte, musikari gazteen lehiaketa egiten hasi ziren. Beraz, hirugarren edizioa du aurtengoa txapelketak. Horrenbestez, larunbat honetan, apirilak 5, egingo da Kultur Leioako entzungelan, musikari gazteen III. Cesar Uceda Sariketa. Eneko Arruebarrena alkatearen arabera, "guztiok bezala, ogia irabazten ahalegintzen zen gizon arrunta zen Uceda; militar bizitza eta musika eskolako lana bateragarri egiten saiatzen zena". "Errotulua jarri eta familiakoei elkartasuna egun batean baino ez adierazi beharrean, bere bizitzarekin zer ikusia zuen jardueren bat urtetik urtera egitea erabaki genuen orduan", udal agintariak gaineratu duenez. Hain zuzen ere, "Joan Jose Ibarretxe EAEko lehendakaria buru dela, euskal erakundeek terrorismoaren biktimen alde hartutako konpromisoarekin" lotu du ekimena Arruebarrenak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!