"Euskal Herrian libre bizitzeko" duen eskubidea aldarrikatu du Fernando Etxegaraik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 3a, 20:41
Gaur goizean Donostian eskainitako prentsaurrekoan, PSOEk "euskal preso politikoak fisikoki akabatzeko apustua" egin duela salatu du Askatasunak eta EAJ eta NaBai bezalako alderdien "erantzunkizunak" mahai gainean jarri ditu, Askatu.org webguneak zabaldu duenez. "Preso politikoen kolektiboa zatitzea eta presoak suntsitzea helburu duten neurriak" hartzen ari direla salatu du errepresioaren aurkako erakundeak eta hor kokatu ditu, besteak beste, "bizi arteko zigorra" eta preso gaixoak espetxean mantentzea. Gaurko agerraldian, Fernando Etxegaraik ere parte hartu du. Plentziarra kartzelan 21 urte bete eta urtarrilean kaleratu ostean berriro atxilotu eta espetxeratzeko agindua eman dute. Parot doktrina gisa ezagutzen den 197/2006 jurisprudentzia ezarri nahi diote. Etxegaraik, baina, "Euskal Herrian libre bizitzeko" duen eskubidea aldarrikatu du eta hemendik aurrera horri lotuko zaiola adierazi du, bizitza normala egingo duelarik. Halaber, berak, eta euskal preso politikoek bizi dituzten "injustiziak" salatu ditu. Horrenbestez, egun hauetan izango diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Uribe Kosta eta Erandiori dagokionez, ostiral honetan, apirilak 4, herri guztietan egingo dituzte mobilizazioak, 20:00etan. Igandean, berriz, 13:00etan, Plentziako Astillero plazan. Argazkian, Etxegarai gaurko prentsaurrekoan.
Fernando Etxegarai Gaztearena "Pinki" Barakaldon jaio eta Plentzian lekututako euskal preso politikoa urtarrilaren 4an atera zen Pontevedrako A Lamako espetxetik, zigor osoa beteta. Bada, bi hilabete eta erdi kalean eman ondoren, plentziarra bilatu eta atxilotzeko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. atalak, aske jartzea erabaki zuen sekzio berbera alegia. Etxegarairi Parot doktrina gisa ezagutzen den 197/2006 jurisprudentzia ezarri (zigor murrizketak kontuan ez hartzea), eta beste lau urte eta hiru hilabete preso egin behar dituela jakinarazi diote. Hain zuzen ere, asteburuko mobilizazioek Etxegarai beraren, Anjel Figueroa Fernandez algortarraren eta Jon Bilbao Moro asuarraren egoerei jarriko diete arreta; baita 33/01 auziari ere. Berangoko Jagoba Terrones eta Getxoko Mitxel Sarasketa preso ohiak daude apirilaren 21etik aurrera Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten Amnistiaren Aldeko Batzordeak (AAB), Senideak edo Askatasuna erakundeetan lan egindako 27 euskal herritarren artean.

Anjel Figueroa

Anjel Figueroa Algortako euskal preso politiko gaixoa berriro eraman behar izan zuten martxoaren 27an Gasteizko Txagorritxu ospitalera, beste epilepsia krisialdi bat izan zuelako. Ziegakideak berak deitu zuen algortarraren etxera, Figueroa oso txarto zegoela esanez, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi zuenez. Urtarrilaren 28an ere ospilateratu behar izan zuten, egun batzuk lehenago, Txagorritxun hilabetea egin ostean, Langraitzeko espetxera bueltatu eta lau krisialdi sufritu zituelako. Algortarrak gaixotasun kroniko eta sendaezina du: epilepsia tenporala eta eskuinaldeko esklerosi mesiala, hain zuzen. Gainera, ezkerraldeko lobulu tenporalean beste foku bat duela antzeman zioten orain hilabete batzuk. Horren ondorioz krisialdi epileptiko larriak izaten ditu, krisialdi horietan konortea galtzen du, eta tartean absentziak, memoria galerak eta haluzinazioak ere izaten ditu. Horrenbestez, Anjel kalera! herri ekimena abiatu zuten 2007ko azaroaren 17an 50 bat algortarrek, euren auzokideari Espainiako Kode Penalaren 92. artikulua aplikatu eta espetxetik atera dezatela eskatzeko asmoz.

Jon Bilbao

Asuakoak, berriz, osasun egoera "larria" bizi du: "iztai-etena pairatzen du eta hestegorria eta bista oso kaltetuta ditu, baina ospitalera joateari uko egiten dio leku aldaketetan ematen dioten tratuagatik. Txarto pasatzen du, okerren eramaten duena da hori. Bizkar eta hezurretako gaitzak ere jasaten ditu, eta medikuak oftalmologoarengana joateko esan dio, baina kaleratuko denean orduan joango dela dio... noizbait irtengo bada", adierazi zuen orain bi hilabete "Gara" egunkariari eskainitako deklarazioetan, Lurdes Velez Jon Bilbao Mororen bikotekideak. Horren aburuz, "kartzeleroek" asko eragin dute Jon Bilbaoren osasuna okerrerako bidean jartzeko: "okerrena tratu txarrak dira, psikologikoak eta ahozkoak, miaketak eta ziega aldaketak. Haiek badakite eta beti doaz bere aurka, ahulenaren kontra. Baita ni zirikatzen saiatzen dira ere, bis a bis-etan. Beste bisitak nire aurka jartzen saiatzen dira, baina ni isiltzen naiz". Urtarrilaren 15ean Jon Bilbao Moro Erandioko presoak 26 urte bete zituen Espainiako kartzeletan eta egun gatibu dute Euskal Herritik 850 kilometrora dagoen Alacant-eko Fontcalent espetxean. AAMk behin eta berriro salatu du asuarra betetzen ari den kartzela-epea "ohiko espetxealdia" ez dela, "30 urteko zigorrarekin euskal preso askok 18, 20 edo 22 urterekin kaleratu baitira". Atzo bertan jakinarazi zuen Etengabe bitakorak gose greba mugagabean direla Fontcalent espetxeko preso politikoak, "egoera jasangaitza dela iritzita". Hasiera batean, asuarra ere gose greban zegoela zabaldu zuten, baina jakin ahal izan zutenez, osasun arazoak medio, ez dio gose grebari ekin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun