Uztailaren 8tik 12ra bitartean 15 jazz kontzertu izango dira Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 3a, 22:38
Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 32. edizioa uztailaren 8tik 12ra bitartean izango da Algortan, kultur iturri getxoztarrek gaur jakinarazi dutenez. Oraingo honetan, John McLaughlin, Arturo Sandoval, Archie Shepp, Avishai Cohen eta Iñaki Salvador musikari handiek eskainiko dituzte kontzertuak. Talde lehiaketa eta “Hirugarren Milurtekoa” lelopeko saioak zein jaialdiko egun bakoitzaren amaieran egiten diren jam sessionak (Piper's Irish Pub tabernan) kontutan hartuta, 15 kontzertu egongo dira guztira. Aurten ere Biotz Alai plazan egingo dira kontzertu nagusiak eta talde lehiaketaren saioak, 21:30etik aurrera. Bestalde, Getxo Antzokia plaza izango da “Hirugarren Milurtekoa” izenburuko kontzertuen agertokia. Getxo Jazz 2008rako sarrerak maiatzaren 5ean jarriko dira salgai. Argazkian, Arturo Sandoval tronpeta jole kubatarra.
Jaialdiaren lehenbiziko egunean Iñaki Salvador Nonet taldea arituko da Algortan. Aipatu musikari euskaldunaren azken asmakizunetako bat da hori. Donostiako Jazzaldiak eskatuta sortu zuen, 2005ean, jaialdiaren 40. urteurrena zenean. Horrela, Salvadorrek artista talde zabala elkartu zuen: Itxaso Gonzalez abeslaria, Victor de Diego eta Mikel Anduela saxofoi-joleak, Hasier Oleaga bateria-jolea, Jackie Berecoechea tronpeta-jolea, Jonathan Hurtado teklista eta Javier Juanco gitarra-jolea. Salvador bera zuzendari dela, bederatzikote horrek piano jole donostiarraren hainbat pieza jotzen ditu, berak moldatutako estandarrekin batera.

Biharamunean, uztailak 9, asteazkena, Getxo Jazzen hogeita hamabigarren edizioko musikaririk handienetako bat arituko da, antolatzaileek adierazi dutenez. "John McLaughlin gitarra-jole, piano-jole, teklista eta musikagile britainiarra gaur egungo jazz artista handietako bat da. Musikari belaunaldi askorentzat ezinbesteko erreferentzia izan da, etengabe berritzen duelako eta jazza beste estilo batzuekin uztartzeko gaitasuna duelako", azaldu dute kultur arduradun getxoztarrek. Blues, musika akustikoa, flamenkoa, rock, skiffle, musika indiarra... Guztietatik zer edo zer atera du McLaughlinek, eta "birtuosismo eta teknika erritmiko borobilez gauzatu ditu estilo guztiak", gaineratu dutenez. 60ko hamarkadan hasi zen jotzen, eta harrezkero artista mordoarekin batera jo du: Georgie Fame, Jimi Hendrix, Dave Holland, Tony Williams, Miles Davis, Wayne Shorter, Billy Cobham, Paco de Lucía, Al Di Meola, eta beste asko. 40 disko inguru grabatu ditu.

Erdibidean

Jaialdiaren erdibidean, ostegunean, Avishai Cohen Triori helduko zaio txanda. Avishai Cohen kontrabaxu-jolea Jerusalemen jaio zen. Israelen hasi zituen musika ikasketak, 10 urterekin, AEBetan ikasten jarraitzeko. Bertan pianoa eta baxu elektrikoa jotzen ikasi zuen eta jazzaren munduan murgildu zen, Stanley Clarke eta Jaco Pastoriousen musikak bultzatuta. Ikasketan bukatuta, 1992an erritmo latinoak aztertzen hasi zen New Yorken, Danilo Perezekin batera. 1996an, berriz, Chick Corearen Origin seikotean sartu zen, eta 2003ra arte aritu zen bertan. Ordutik hona musikagile gisa aritu da, eta bere disko-etxea du: Razdaz Recordz. Gaur egun, estilo ugari jotzen ditu, musika klasikotik pop-eraino, jazz, funk edo erritmo latinoak ahaztu gabe.

Uztailaren 11n, ostirala, Arturo Sandoval (Artemisa, Kuba, 1941) tronpeta-jole famatua etorriko da Algortara. Sandoval jazz latino artistarik ezagunetako bat da. 13 urterekin hasi zen lehen urratsak ematen, bere sorterrian perkusioa joz. Musika tresna ugari probatu ondoren, tronpeta aukeratu zuen. Dizzy Gillespie eta Charlie Parker entzutean, baina, bizitza aldatu zitzaion. 16 urte zituela, Kubako Orkestra Nazionalean sartzea lortu zuen eta, ondoren, Kubako Musika Modernoaren Orkestran. Soldadutza egin ondoren, Irakere taldea sortu zuen, bere herriko jazz talde nagusia, Paquito D'Rivera eta Chucho Valdesekin. Sandoval Miamin bizi da 1992tik, eta musikari latino handien artean bere txokoa aurkitu du, musika klasikoa baztertu barik. Bere belaunaldiko tronpeta-jolerik trebeenetako bat da Sandoval. Sari asko jaso ditu, gainera, Grammy ugari tartean.

Azken eguna

Getxo Jazzek 2009ra arte agur esango die larunbatean entzuleei, Archie Sheppen (Fort Lauderdale, AEB, 1937) laukotearen eskutik. Pianoa eta klarinetearekin gustatuta hasi zituen musika ikasketak Sheppenek. Baina laster saxoaz maitemindu zen. Shepp Cecil Taylorren laguntzaz hasi zen musikari profesional gisa; haren taldean sartu zen 1960an. 60ko hamarkadan free jazza ekarri zuen berrikuntza izpiritu kolektiboan parte hartu zuen. Chuck Dixonekin batera bere lehen diskoa grabatu zuen eta gero New York Contemporary Five sortu zuen. Ordukoak dira urte haietan sortzen hasi zen mugimendu beltzaren aldeko bere lehenbiziko konposizioak. Gero John Coltrane-rekin aritu zen "Ascension" disko ospetsuan, free jazzaren maisulana. Gero abangoardiako musikariekin jotzen jarraitu zuen: Cecil Taylor, Sun Ra eta Carla Bley, adibidez. 70eko hamarkadan, musika jotzeaz gain, Ahmherst Unibertsitatean irakasten hasi zen. Bertan Jazzaren Soziologia eta Historia irakasten zituen. Harrezkero, Sheppek musika afro-amerikarraren estilo ugari probatu ditu, eta gaur egun, saxo tenorearen maisurik handienetako bat da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun