Ondarean Folk jaialdiak 325 musikari eta dantzari batuko ditu bihar Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 4a, 13:32
Euskal kultur eta bertoko musika tresnen topaleku bilakatuko da larunbat honetan, apirilak 5, Erandio, Ondarean Folk jaialdiaren bigarren edizioari esker. Goizeko 10:30ean hasita, 40 bat taldeetako kide diren 325 musikari eta dantzarik hartuko dute Altzaga, kaleak alboka, trikitrixa, txistu, gaita, txalaparta eta bertso doinuez betetzeko. "Euskal folklorea sustatzeaz gain, musika mota hori jorratu eta zabaltzen duten artistei, gehienbat gazteei, horretarako lekua egitea" da jardunaldiaren helburua, Santiago Neira Kultura zinegotziak azaldutakoaren arabera. Hain zuzen ere, parte hartuko duten talde guztietatik sei udalerrikoak dira: Uztargi, Trabudu eta Goi-Alde dantzari taldeak, Lutxanako Gaiteroak, Erandioko Txalapartariak eta Iparraize Txistulari Elkartea, hurrenez hurren. Hori, erandioztar ugari kide diren Mungialdeko Ahaire elkartearen ezinbesteko partaidetza kontutan hartu gabe. Horiekin batera, Hernani, Gasteiz edota Nafarroako hainbat tokitatik etorritako musikariak izango dira Altzagan. Ondarean Folk 2008ri amaiera emateko, berriz, La Bandina Folk talde asturiarrak emango du kontzertua, 20:00etan, Irailaren 23a plazan (udaletxe aurrean). "Hurrengo urtetarako, Estatuko beste erkidegoetako folkloreari egin nahi diogu lekua. Beraz, azken emanaldi hori izan daiteke horretarako abiapuntu egokia", azaldu du Neirak.
Behin parte hartzaile guztiak helduta, Bekoa ikastetxetik abiatuko dira kalejiran, 11:30ean, metro geltoki alboko zabalguneraino. Bertara iritsita, lau taldetan banatuko dira musikariak, 12:00etatik 14:00etara bitartean, beste horrenbeste lekuetan jotzeko. Taldeak metro geltoki alboko zabalgunean eta Irailaren 23a, Europa eta Telefonica plazatan arituko dira, txandaka. 15:00etan, berriz, bazkaria izango dute guztiek, udal azoka zaharrean. Arratsaldeari dagokionez, erromeria eskainiko dute talde guztiek, 18:00etan, Irailaren 23a plazan (euria eginez gero, udal azoka zaharrean). Amaitzeko, La Bandina Folk talde asturiarrak emango du kontzertua.

Txistu agerraldia

Kultur zinegotziak argi dauka Udalak antolatzen dituen ekitaldiez aparte, euskal folklorea bultzatzeko asmoz, Erandion "buru-belarri lanean ari diren elkarteak badaudela. Horien lana goraipatu du Neirak. Horren adierazle, apirilaren 13an, igandea, Astrabuduan ospatuko den II. Txistu Agerraldia. 11:30etik aurrera, hainbat txistulari talde ibiliko dira kalerik kale, Iparraize Txistulari Elkarteak antolatutako jardunaldian.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun