Saioak zenbait une zoragarri izan zituen. Maialenek eta Wilson Saliwonczyk payadore argentinarrak egin zuten ofizioa, esaterako. Hura entzulearen gozatua. Bertso biluzketa zentzu metaforiko zein literalean.
Beste gailurra anaiak eta biok Walter Apezetxe eta Gabriel Luceno uruguaitarrekin antzeztu genuen munduko inprobisazio txapelketako finala izan zen. Gure metrikaz hasi zen Xabier, eta bere esanaren bat-bateko bertso bidezko itzulpenarekin jarraitu nuen. Euren erantzunak ondoren. Nire dezima-deziman eta bat-batean itzuli zuen Xabierrek gero. Dezimetan amaitu genuen laurok, osoan eta baita puntuka ere. Ariketa horrek deziman eskatzen duen errimaren planifikazio zailari aurre eginez. Hori bai, azken dezimetan, zuzenean komunikatzeko tentazioari eutsi ezinik, uruguaieraz aritu ginen anaia eta biok.
Entzuleak zutik eta txaloka amaitu zuen. Bertso epaileak sekula eskaini ezingo duen komunikazio arrakastatsuaren adierazpen gorena.
Fredi Payak gaur "Berria"n argitaratutako artikulua
Ez nuen espero Montevideoko antzoki nagusia goraino beteta ikusterik bertsolariei entzuteko. Baina hala izan zen, Brasil, Uruguai eta Argentinako payadoreen laguntzarekin. Lau biztanletik batek euskal arbasoak dituen errepublikako hiriburuan. Euskal Herriko inprobisazio moldea eta ariketa motak azaldu genituen pasartean, izugarria zen bertsotik bertsora sentitzen zen isiltasun eta tentsioa. Entzuleak, hizkuntza ezagutu ez arren, nahiz eta baziren zenbait salbuespen, inprobisazioaren mekanika ulertu eta zailtasunak bere egin zituen. Itzulpenen ostean txalo zaparradak. Inprobisazio hegoamerikar lirikoagoaren aurrean gure estetika narratiboak komunikazio izugarria lortzen zuen jendearengan. Argazkia: