Astelehenera arte daukete Sopelako Esaera Zaharren Txapelketan izena eman nahi dutenek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 4a, 15:27
Sopelako AEK-k hamabosgarrenez antolatu du Esaera Zaharren Txapelketa. "Euskal esaerak ezagutaraztea eta erabilaraztea" xede duen lehiaketa honen aurtengo edizioa apirilaren 12an burutuko da, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak jakinarazi duenez. Txapelketan parte hartzeko 10 euro (taldeko) eta bazkarirako 18 euro (pertsonako) ordaindu beharko dira, azken eguna apirilaren 7a dela. Horretarako, aitor-f[abildua]aek.org posta elektronikora idatzi edo 946 764 876 telefono zenbakira deitu beharko dute parte hartu nahi dutenek. Sariei dagokienez, txapeldunek landetxe batean lau lagunentzako egonaldia irabaziko dute. Ondorengo hirurek, berriz, lau pertsonentzako afari bana. Hala ere, partaide guztiontzako egongo da oparia. Argazkian, "Erauntsia pasatu... eta guardasola atera" leloa berea egin zuten iazko txapelketan batu zirenek / Jabi Zabala.
Esan bezala, taldeak lehiatzen dira txapelketa honetan, eta izena ematean (epea apirilaren 7an bukatuko da) 100 atsotitzeko zerrenda bat eskaintzen zaie, txapelketa egunerako ikasia izan dezaten. Larunbat horretan, eguerdian, herrian zeharreko kanporaketa izango dute parte hartzaileek. Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) prestatutako bertso idatziak kantatuko zaizkie taldeei, eta hauek bertso horien oinarrian zein atsotitz dagoen asmatu beharko dute. Sopelako Ander Deuna ikastolako jantokian bazkaldu ostean, berriz, final handia jokatuko da. Prozedura kanporaketakoa bezalakoa da, baina bertsoak bat-batekoak izango dira. Aurten, Nerea Elustondo eta Igor Elortza bertsolariak ariko dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun