Asteartetik gose greban daude Jon Bilbao Mororen espetxekideak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 4a, 15:30
Jon Bilbao Moro asuarra izan ezik, Alacanteko (Herrialde Katalanak) Fontcalent espetxean dauden euskal preso politikoak gose greba mugagabeari ekin zioten pasa den asteartean, apirilaren lehena. Kartzelako zuzendaritzak darabilen bakartze politikarekin amaitzea du helburu protesta horrek. Izan ere, presoek egoera "jasangaitza" dela azaldu zuten, gose gose greba mugagabeari ekitea baino azken lehenago, martxoaren 10ean zuzendariari jakinarazi ziotenean. Era berean, martxoaren 17tik 23ra kartzelaren jakiei uko egin zieten eta, azkenik, gose grebari ekin zioten pasa den asteartean. Hasiera batean, Estatu espainiarreko kartzeletan 26 urte baino gehiago daramatzan Jon Bilbao Moro asuarra ere gose greban zegoela zabaldu bazen ere, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bidez ukatu du informazio hori, Bilbao Morok "osasun arazoak medio" ez baitzion gose grebari ekin. Argazkian, Jon etxeratzearen alde 2007ko abenduaren 16an egindako mobilizazioa.
Fontcalenteko euskal presoen adierazpena:

Gose greba mugagabea abiatu dugu Fontkakako espetxean gauzkaten hamaika kideok apirilaren lehenaz geroztik. Muturreko erabakia izaki, edonori gerta dakioke begi bistakoa ze noraino gainditu duen kartzela honek, urteak joan urteak etorri, gu denon pazientzia. Pazientzia behar baita, lagunok, pazientzia mordoa, etxetik 800 kilometrora, txerrikorta honetan euskaldunontzat espresuki asmatutako bizi baldintzei aurre egiteko. Pazientzia, hiru metro koadroko ziega ustel eta hezeotan, neguan ezin hotz eta ilunagoak, berogailurik gabeak, eta udaran labe gordinotan 20 orduz itxita egoteko egunero. Nolakoak ote diren non, hemengo petrikiloek, neskak dauzkaten isolamendu galeria behin betiko itxi zezaten gomendatu zuten. Alferrik noski.

Kolektiboko kide guztiok erakusten dugun pazientzia behar da gure aurka beti moda-modan izan diren, eta mantso-mantso areagotzen doazen neurriei gailentzeko. Espetxe orok berezkoak dituen ankerkeriari, autoritarismo merkeari, misoginiari, gehiegikeri guztiei buelta eman, barre egin eta aurrera egiteko, ohikoak ditugun umore eta bizipozarekin.

Alabaina kitto esateko tenorean gara. Pazientziaren ontziak gainezka egin dezan aski izaten baita ttantta bat. Ttantta hori emakumeen moduluan isuri da; atzetik ttanttaz mukuru zetorren ordea.

Fontkakako emakumeen moduluak gauza arrunta dirudi. Badago patio zabal xamarra, laurogei bat preso handik hona, ohiko zaratak, aktibitateak, betikotasuna. Bada, aldiz, zigorrak betetzeko isolamendu galeria bat, modulu orokorretik bereizia. Bertan bost ziega daude, patio txiki bat, komuna dutxa eta listo. Bertan sartzen dituzte, sistematikoki, hona ekartzen dituzten emakumezko euskal preso guztiak. Zernahira ohitzen garenez, bertan pasa dituzte hainbat eta hainbat kideek bolada luzeak. Mendeak eta mendeak inor ikusi gabe, inorekin hitz egin ahal izan gabe. Hogei ordu ziegan hotzak akabatzen , lau ordu patioan hotzak akabatzen, hogei pausu aurrera, hamar pausu albora, itzuliak alde batera, itzuliak beste aldera. Hogei ordu ziegan egosten, lau ordu udako patioko labe kiskalgarrian, eta buelta. Inoren ahotsa entzun gabe, ezta besarkada ñimiño bat ere. Mendeak eta mendeak.

Agian horregatik da Alacanteko epaileak hemengo zuzendaritzari esan diola galeria hori ez dela inor bizitzen edukitzeko lekua. Euren araudia eskutan.

Behar bada baldintza horietan edonor zimeltzen delako; sufrimendu itsaskor bezain suntsigarria piztuz edonor eromenera eraman dezakeelako; behar bada horregatik egiten diote muzin euren araudiari, epailearen aginduei, eta hona iristen diren emakumeak patio txikiko erregimenean sartzen tematzen dira, haurdun zeuden bi kide barne. Nonbait espetxearen gogortasuna aski iruditzen ez eta emakume izatearen prezioa pagarazi nahi digute. Originalak gero…!

Gu gogaitu gaituzte baina. Atera ditzatela isolamendu patiotik patio orokorrera gure kideak. Ez dezatela beste inor sartu, ez gaitzatela hamaikotatik inor bakartu: Ez dugu onartuko.

Borroka bat abiatzen denean izan daiteke finkatutako helburuak lortzea, izan daiteke ez lortzea. Baina egurra banatzen baino ez dakienaren aurrean xutik eta tinko paratzearekin batera, sekula ulertuko ez duten bandera haizatzen dugu: Duintasunarena. Horrek egiten gaitu garaile. Muxu handi bana.

Perdi Del Olmo Vegak, Foncaleteko (Alacant) hamaika euskal preso politikoen izenean, gaur hainbat hedabidetan argitaratutako artikulua

Askatasunaren oharra:

Fontcalent-eko espetxean borrokaldian:

Azken urteotan espetxe honetara gero eta euskal preso politiko gehiago eraman dituzte, eta honekin batera bertako bizi baldintzak okerrera egin dute, egun muturrekoak diren egoerak ematen ari direlarik, isolamenduari loturikoak batez ere. Bikoteak batera egon daitezen ukatu, gutun kopuruetan mugapenak, lagunen bisiten ukazioak inolako azalpenik eman gabe, konfiantzazko medikuen bisiten ukatzea.

Kide berriak ingresoetako moduloan izaten dituzte (bizitza normalerako egokitu gabeak kontsideratuta). Hasiera batean egun batzutako kontua dela esan arren, ondoren luzatu egiten dira epeak, oso baldintza kaxkarretan egotera behartzen dituztelarik.

Bakartze politika argia da espetxe honetan aurrera eramaten dutena, beti aitzakia eta trikimailuak (presoen klasifikazioak baliatzen dituzte horretarako, eta horren arabera mugitzen dituzte moduluetan) erabiltzen dituzte baina azkenean euskal presoen aurkako bakartze politika da ematen dena.

Bertan dauden euskal preso politikoek nahikoa dela esan dute eta borrokaldia abiatu dute egoera hau gehiago luzatu ez dadin.

- Ez dute onartuko kide bat gehiago bakarturik egotea.

Martxoak 10ean jakinarazi zioten zuzendaritzari zein jarrera hartuko duten:

- Martxoaren 17tik 23ra espetxeak ematen dien jana hartzeari uko egin diote

- Gauzak aldatu ez direnez Apirilak 1ean gose greba mugagabe bati ekingo zioten.

Fontcalent-en dauden euskal presoak:

Endika Abad (Barakaldo)
Koldo Alaña (Deustu)
Eder Ariz (Zizur nagusia)
Irkus Badillo (Ugao)
Jon Bilbao Moro (Erandio)
Mirian Campos (Bilbo)
Fernando Del Olmo (Bilbo)
Ugaitz Elizaran (Intxaurrondo, Donostia)
Nerea Garro (Orereta)
Agurtzane Izarza (Gasteiz)
Xabier Arregi (Bergara)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun