Eguraldi fresko eta lainotua iragarri dute igandeko Kanpomartxorako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 4a, 15:50
Igande honetan, apirilak 6, Martiartun ospatuko den Kanpomartxo euskal jaiaren antolatzailea den Berbots! Erandion Euskaraz taldeak eguraldi fresko eta lainotua baina euririk gabekoa iragarri du igande egunerako: "hainbat webgunetan begiratuta, domekan Martiartun eguraldi ona izango dugu: laino batzuk izango dira, lasaiago bazkaltzeko eta erromerian freskuago dantzatzeko, baina euririk ez!". Besteak beste, Euskalmet, Accuwheather, AENA, Terra eta Kaixo.com webguneen eguraldi zerbitzuez baliatu dira antolatzaileek iragarpena egiteko. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako meteorologia gunean honako aurreikuspena egin dute: "Goizean, lanbroa eta lainoa. Goizean zerua hodei gutxirekin egongo da. Arratsalde-gau partean hodeiak ugaritu egingo dira eta azken orduetan euri arina egin dezake". Kanpomartxo jaia eguerdian hasiko da eta bertaratzeko jarri duten lehenengo doako autobusa 11:30ean irtengo da Altzagako San Inazio kalean dagoen Santi taberna aurretik eta Astrabuduako Mezo kaleko botika aurrean ere hartuko ditu bidaiariak
Autobusen maiztasunari dagokionez, Martiartura heltzeko 11:30etik 20:30ak bitartean ordubetero izango dira autobusak, 14:30, 15:30 eta 16:30ean izan ezik. Bueltatzeko, berriz, 12:00etatik 21:00etara egongo da aukera, ordubetero, 15:00, 16:00 eta 17:00etan kenduta. Eguerditik aurrera, dantzak, bertsolariak, antzerkia, jolasak... edukiko dituzte, egunean zehar, bertan batzen direnek. Besteak beste, Trabudu, Goi Alde eta Uztargi dantza taldeak eta Algortako Bertsolari Eskola (ALBE) dituzte laguntzaile Berbotsekoek.

Antzina, Erandioko auzo ezberdinetako baserritarrak batzen ziren, apirilaren hasieran aukeratutako egun eta tokian, musika doinuz eta dantzaz beteriko jai egunaz gozatzeko. Finean, erandioztar guztien arteko harremanak sendotzeko balio zuen ospakizunak. Bada, hainbat hamarkadatan galduta egon ostean, orain dela 18 urte berreskuratu zuen baserri giroko euskal jaia Berbots Erandion Euskaraz elkarteak. Ordutik hona, udalerriko txoko ezberdinak txandakatuz egin dute urtetik urtera. Gauzak horrela, igandean, apirilak 6, Martiartun ospatuko dute aurtengo Kanpomartxo:

Egitaraua:

12:00 Herriko dantza taldeak.
13:00 Bertsolariak: Xabier Paya eta Aitor Mendiluze.
14:30 Herri bazkaria (nork berea eginda).
17:00 Betiko kantuak Kepa Arrizabalaga eta Roberto Etxebarriarekin, mahaiaren inguruan bazkalosteko goxoa egiteko. Bitartean, umeentzako antzerkia (Zirika Zirkus).
18:00 Erromeria Tapia eta Leturia taldearekin, beraz, denok dantzatzera!

Egun osoan zehar, musika, umeentzako puzgarriak, arku tiroa, jokoak, taloa eta batez ere, guztion animu ederra.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun