Bizkaiko abesbatzen Udaberriko Kontzertuak izango dira entzungai iluntzean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 4a, 17:25
Bizkaiko Abesbatzen Elkarteak antolatzen dituen Udaberriko Kontzertuen XXIX. edizioaren barruan, gaur iluntzeko 20:15ean emanaldia eskainiko dute Algortako Hirukoiztar Santuaren elizan bertako Itxartu abesbatzak, Ermuko Pispillu eta Alboka Abesbatzek eta Bilboko Arraizpe Koru-Alkarteak. Algortako Itxartu Abesbatzak zabaldu duenez, "euskal musikagileen eta musikagile europar klasiko handienen lanak abestuko dituzte" aipatutako taldeek, ehun baino ahots gehiagok jarritako doinuan. Anfitrioi lanak bertako taldea den Itxartu Abesbatzari egokitu zaizkio eta emanaldia itxiko du. Bitartean, Getxo udalerriko Eskuz Esku abesbatza Bilboko Karmen elizan arituko da. Baina, ez dira horiek izango abestuko duten eskualdeko abesbatza bakarrak. Bihar, larunbata, 20:00etatik aurrera Udaberriko Kontzertuek Astrabuduako San Lorentzo eliza hartuko dute eta anfitrioi lanak Abots Alai Abesbatzak egingo ditu. Ekitaldiko gonbidatuak Bilboko Urretxindorrak eta Igorreko Luis Iruarrizaga abesbatzak izango dira. Ordu erdi beranduago, Begoñako errepublika zaharrean, Santutxuko Karmelo elizan, Plentziako Iraunkor abesbatzak kantatuko du. Argazkian, Itxartu abesbatzako bi kide iaz kaleratutako diskoa aurkezten, Iñaki Zarraoa orduko Getxoko alkatearekin batera.
Algortako Itxartu Abesbatza

40 ahots mistoko abesbatza hau 1996an sortu zen. Gaur egun, Jesus Antruejoren batutapean jarduten dute. Taldea honako kontzertu hauetan nabarmendu da: BAEko Udaberriko Kontzertuak, Bizkaiko Abesbatzen Astea, Sestaoko eta Lutxanako Kultur Astea, Amurrioko, Bilboko eta Berangoko Eliz Kontzertuak, Santa Zezilia Eguna, Gabonetako Kontzertuak… 1997an, truke jardunaldietan parte hartu zuen Bartzelonako Agrupament La Lira Abesbatzarekin. Hori dela eta, Lirain Abesbatzarekin batera abestu zuen Gorlizen eta Bartzelonan (San Viçens de Montatlen, Viladecansen eta Bartzelonako katedralean).

Ermuako Pinpillu Abesbatza

32 ahots mistoko abesbatza da. 1998an sortu zen, egon bazegoen Pispillu Abesbatza misto egin zenean. Ordura arte, ahots zuriek osatzen zuten. Urtero BAEk antolatutako Udaberri Kontzertuetan parte hartzen du. Era berean, Bizkaiko Abesbatzen Astean eta herriko bertako Santa Zezilia eguneko Kontzertuetan ere parte hartzen du. 1998an “Portuko tabernaria” zartzuela antolatu eta antzeztu zuen, Euskal Herriko zenbait lekutan. 1999an “Aviles Hiribildua” Abesbatzen Lehiaketan parte hartu zuen. Elisabeth Sarriugarte da zuzendaria.

Ermuako Alboka abesbatza

Ahots zurien abesbatza 1988an sortu zen. Bi urte beranduago, BAEko kide egin ziren. Handik hona, Gabonetako eta Udaberriko Kontzertuetan parte hartzen du. Horrez gain, Euskal Herrian, Kantabrian, Madrilen, Bartzelonan, Ptirisesen (Frantzian), Madrilgo Euskal Etxean… ere abestu dute. Era berean, Leitzako Udaberriko Txapelketan eta Ciceroko Gabonetako Txapelketan izan dira noizbait. 2006. urtera arte Mª Elena Iturriagagoitiak zuzendu zuen eta gaur egun Elisabeth Sarriugarte da bere zuzendaria.

Bilboko Arraizpe Koru-Alkartea

1947an sortu zen. Garai hartan abesbatza mistoa zen. Ahots zuririk ez zegoenez, 1957an desagertu eta ahots baxuen abesbatza berria sortu zen. 1963koak dira lehenengo estatutuak. Abesbatzak 2 disko grabatu eta hainbat kontzertu eskaini ditu. 30 ahotsek osatzen dute, eta Itziar Lopez da gaur egungo zuzendaria.

Algortako egitaraua

Pispillu Abesbatza:

* Ave Maria (Jacques Arcadelt, XVI. mendeko flandiarra)
* Menu (Folner)
* Ardo Gorria Naparra (Pablo Sorozabal)
* Alma Llanera (J.R. Basoa)

Alboka Abesbatza:

* Keren-Or (Achinoam Nini)
* The Rose (Amanda Mac Broom)
* Pange Lingua (J.Reink)
* Txiki txikitik (Pablo Sorozabal

Bilboko Arraizpe Koru-Alkartea

* Ave Maria (Tomas Luis de Vitoria)
* Adios (Luis Aranburu)
* Te quiero (Mus.: Alberto Favero; hitzak: Mario Bennedeti)
* Vamos al fronton (Herrikoia; armonizazioa: Beobide)

Itxartu abesbatza:

* Alostorrean (Musika: Herrikoi txekiarra-Malat; Hitzak: XV mendeko euskal bertso herrikoiak)
* Bilatzen (Musika eta hitzak: Iñigo Coto Revuelta)
* Peregrina (Musika: Ricardo Palmerín; Hitzak: Luis Rosado Vega)
* Mendirik mendi (Musika eta hitzak: herrikoiak; Konponketak: Sabin Salaberri)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun