
Apirilaren 7tik 9ra bitartean, Zuhaitz Eguna ospatuko dute Leioako hezkuntza zentroetako 600 bat ikaslek, udal iturriek jakinarazi dutenez. Egun bakoitzean, 10:00etatik 11:00etara, 200 gazte inguru batuko da Pinosoloko parkean, eta bertan, mota anitzeko zuhaitzak landatuko dituzte: haritzak, pagoak, astigarrak, urkiak, gerizondoak eta lizarrak, besteak beste. "Horrelako egunetan naturaren garrantziaz ohartarazten zaie ikasleei", adierazi dute tokiko iturriek. Bide batez, horrelako ekintzekin, "gazteen artean ingurumenarekiko errespetua sustatu" nahi dute, baita horiek "zuhaitz zein ingurumenari buruz gehiago jakin" dezatela ere. Urtero ospatzen dute Zuhaitz Eguna Leioan, beti ere lekuz aldatuz. Gauzak horrela, aurten, Pinosoloko parkeari heldu zaio txanda. Landaketa berriarekin aipatu gunea zuhaitz autoktonoekin osatzea lortu nahi dute. Udaletik adierazi dutenez, "garai batean ohikoa zen eukaliptoa bezalako kanpoko zuhaitzak eta landareak ekartzea; eta horregatik Pinosolo mota askotako landareak ditu. Azken urteetan, baina, gure inguruetako zuhaitzak eta landareak gero eta eskasagoak dira Leioako parkeetan". Hori dela eta, bertako zuhaitzak landatuko dituzte aurten.