Kultur arteko jaia ospatuko dute bihar Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 4a, 20:42
Atzo abiatutako Aniztasunaren aldeko eta Diskriminazioaren aurkako IV Jardunaldiekin jarraituz, adin guztietarako kultur arteko jaia ospatuko dute, larunbat honetan, apirilak 5, 17:00etatik 21:00etara bitartean, Algortako Zabala eskoletan. Horrenbestez, Getxo udalerrian etorkinekin elkarlanean zein kanpotik etorritakoek sortutako elkarteek hartuko dute hitza egunari hasiera emateko. Horren ostean, kultur arteko jolasak, elastikoen gaineko idazketa tailerra, folklore erakustaldiak (Adrebol, Berdintasuna eta Pagkakaisa taldeen eskutik), txalaparta erakustaldia (UKTEST), Afrikako dantzak eta musika (Kalabaza Grande), erakusketak, munduko jakien doako dastaketa eta beste hainbat jarduera izango dituzte Zabala eskoletan batzen direnek. Argazkian, hilaren 19ra arte, Algortako Torrene kaleko aretoan ikusgai egongo den “Islama, guztion ondare“ erakusketaren irudia.
Bihar bertan, Itzubaltzeta / Romoko kultur aretoan, “Ipuin kontalaria kultur artekotasun eta bakerako tresnatzat” ikastaroa eskainiko du, 10:00etan, Boni Ofogo Kamerungo kontalari profesional eta Madrilen kultur artekotasun bitartekariak. Hilaren 9an, berriz, Gerardo Olivaresen “14 kilometros” izenburuko pelikula proiektatuko dute, Algortako Getxo Antzokian, 19:30ean. Hain zuzen ere, Afrikatik Europara dagoen distantzia eta, aldi berean, Afrikako milioika lagunen ametsetarako dagoen oztopoa dira 14 kilometro horiek. Goseari eta txirotasunari ihes egiteko beste aukerarik ez dutela uste dute askok..

Apirilaren 10ean, 19:00etatik aurrera, “Familia elkartzeari ekiten dioten etorkinak” lelopeko mahai ingurua egingo dute Itzubaltzeta / Romoko Nagusien Etxean. Ekitaldian Errefuxiatuen Laguntzarako Espainiako Batzordeko (CEAR), Familia Terapiarako EAEko eta Nafarroako Elkarteko (AVNTF) eta Bitarteguneko ordezkariek hartuko dute hitza. Mahainguruan eta lehenengo eguneko hitzaldian zehar haurtzaindegi zerbitzua izango da. Amaitzeko, apirilaren 12an izango da jardunaldien azken ekitaldia: Areetako ludotekan 10:00etatik 13:30era egingo duten “Neskak eta mutilak, aniztasunean jolasten eta ikasten” izenburuko tailerra alegia.

Erakusketa

Atzo abiatu ziren Aniztasunaren aldeko eta Diskriminazioaren aurkako IV Jardunaldiak, “Mundua mugitzen duten eskuak” izenburuko hitzaldiarekin eta “Islama, guztion ondare“ erakusketarekin. Lehenengoa, Itzubaltzeta / Romoko Nagusien Etxeko batzar aretoan izan zen, 19:00etan. Emakume atzerritarrek etxetan egiten duten lanaz mintzatu ziren bertan, Silvia Carrizo Malen Etxea emakume etorkinen elkarteko kideak egin eta Comillaseko (Kantabria, Espainia) Unibertsitateak aurten saritutako lanean oinarrituz. Erakusketa, berriz, apirilaren 19ra arte egongo da zabalik Algortako Torrene kaleko aretoan. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako eduki pedagogikoa duen kultur egitasmoa da, baina bere informazio izaeragatik jende orori dago zuzenduta. Kultura Islamikoaren Fundazioak eta Alarabetah euskal zentro arabiar-libiarrak antolatu dute eta, astelehenetik ostiralera, 17:30etik 20:30era bisitatu ahal izango da. Larunbatetan eta igandetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara. Erakusketa aretoan ekitaldi osagarri batzuk ere izango dira, tartean, idazkera arabiar tailerra, apirilaren 11n, eta kultura islamiarrari hurbilpen tailerra, hilaren 18an; biak ala biak 18:00etatik 20:00etara.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun