Igande honetan, hilak 6, goizeko 8:30etik aurrera Plentziako Astillero plazatik abiatuko da Gaminiz eta Txitxirripatxarra kultur taldeek eta Udalak antolatutako Plentziako ibilaldi neurtuaren XXI. edizioa. Ohikoa den bezala bikoteka egingo da martxa. Antolatzaileen arabera, proba 12:30ak aldera amaituko da Gane mendatea, Urduliz, Butroe eta Abanikoa atzean utzi eta hogei bat kilometro egin ostean. Butroen, gainera, jakiak, edariak eta indarrak hartzeko gunea izango da, horretarako parte-hartzaileek hogei minutu izango dituztela. Ibilbidea nagusiki asfaltotik igaroko da eta aldapa gora amaituko da. Haur eta gaztetxoen ibilaldia berriz, 10:00etan irtengo da, aurten burutuko den bigarren edizioan ia hamar kilometro zeharkatuko dituztela. Atal honetako parte-hartzaileek ezin izango dute 10 urte baino gehiago izan. Urtero legez, izen-ematea proba hasi baino lehen egin ahal izango da. Argazkian, Piruliko puntan dagoen Plentziako bandera.