Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak egindako deialdiari jarraituz, dozenaka herritar elkartu ziren atzo iluntzean eskualdean, PSOEren gobernuak darabilen espetxe politika "anker eta hiltzailea" salatzeko. Besteak beste, Algorta, Berango, Erandio, Itzubaltzeta / Romo, Leioa, Sopela eta Plentzian egindako elkarretaratzeek Fernando Etxegaraik bizi duen egoera gaitzestea izan zuten ardatz; espetxean 26 urte daramatzan Jon Bilbao Moro asuarra eta Anjel Figueroa Fernandez preso gaixo algortarra ahaztu gabe. Beste 27 euskal preso politikori egin bezala espetxealdia luzatu nahi diote Barakaldon jaio eta Plentzian lekututako lagunari. Etxegarai urtarrilaren 4an atera zen Pontevedrako A Lamako espetxetik, zigor osoa beteta. Bada, bi hilabete eta erdi kalean eman ondoren, plentziarra bilatu eta atxilotzeko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. atalak, aske jartzea erabaki zuen sekzio berbera alegia. Etxegarairi Parot doktrina gisa ezagutzen den 197/2006 jurisprudentzia ezarri (zigor murrizketak kontuan ez hartzea), eta beste lau urte eta hiru hilabete preso egin behar dituela jakinarazi diote. Bihar bertan mobilizazioa izango da, 13:00etan, Plentziako Astillero plazan, guzti hori salatzeko. Argazkian, 130 lagunek parte hartu zuten Algortako Telletxe plazako elkarretaratzean.