Topaguneak berak jakinarazi duenez, azaroan “euskara elkarteak eta sormena” gaitzat hartuta jardunaldiak antolatuko ditu Euskara Elkarteen Federazioak. Bestalde, euskara erabilera bultzatzeko ekimenak bultzatzen jarraitzeko apustua egin dute bazkideek eta mintzapraktika egitasmoen zabalkundea azpimarratu.
Karmen Irizar Topagunearen lehendakariak federazioaren urteko erronka nagusiak izango direnak aurkeztu eta ondoko puntuetan laburbildu du euskara elkarteen egungo egoeraren irudia eta erronka nagusiak:
Dimentsioa
Euskara elkarteen mugimenduak 2008an 25 urte betetzen dituela azpimarratu du Karmen Irizarrek. 1983an Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkartearen sorrerarekin abiatutako gizarte mugimenduak 90. hamarkadatik aurrera izan du bere loraldia eta egungo egoera da horren erakusgarri.
Azpimarragarriak dira Irizarrek emandako datuak: “20.000 bazkide dituzte Topaguneko kide diren euskara elkarteek, 1.400 boluntariotik gora ari dira elkarteen bueltan lanean eta 350 profesional baino gehiagok egiten dute lan zuzenean euskara elkarteentzat. Hamar miloi eurotik gorako aurrekontua izan du euskara elkarteen mugimenduak azken urtean”.
Euskara elkarteena mugimendu sortzailea dela nabarmendu du Topagunearen ordezkariak: “25 urteotan asko sortu dute euskara elkarteek, sortuz hizkuntza aberastu dute, sormenaren bidez euskarari arnasbideak eman dizkiote, erabilera sustatuz. Ludotekak, mintzapraktika egitasmoak, tokiko hedabideak, udalekuak, kultur zirkuituak, merkataritza euskalduntzeko metodologiak, ikastaroak eta era guztietako zerbitzuak sortu dituzte. Etengabe ari dira sortzen euskara elkarteak eta horrekin batera sormenerako gune ere badira, asko baitira elkarteetatik bultzatutako sormena lantzeko egitasmoak. Egitasmo horien guztien garrantzia ahaztu gabe, nabarmentzekoa iruditzen zaigu euskara elkarteek sortu dituzten elkarlanerako kultura, lan egiteko modu eraikitzailea, hizkuntzaren normalizazioan aritzeko estilo autonomo eta irekia, eta harreman sare berriak. Euskararen erabilera bultzatzeko bide berriak, sortzaileak, irekiak, herrian errotuak, eskaintzen dituzte euskara elkarteek eta euskararen garapenari egiten dioten ekarpenik garrantzitsuena hori da”.
“Euskarak sormena garatzeko espazio askeak behar ditu, eta elkarteek hori eskaintzen dihardute, azken 25 urteetan egin duten bezala” gehitu du hirugarren urtez kargua beteko duen Topagunearen lehendakariak.
Jarduera guztian boluntarioen lana azpimarratzekoa dela aipatu du Karmen Irizarrek. “Borondatezko lana garairik onenean ez dagoela hainbeste aipatzen den honetan, iaz euskara elkarteen artean jasotako datuen arabera 1.400 boluntario baino gehiago ari dira egun elkartetan beren denbora eta lana eskaintzen. Elkarteen gizarte mugimendu izaeraz hitz egiten dugunean hortaz ari gara, tokian tokiko euskaldunen ekimenez eta ilusioz euskararen normalkuntzan ari diren elkarteez”.
Urteko jarduera: sormena ardatz
Sormena hartu du ardatz Topaguneak 2008 urteko jarduera egituratzeko beraz. Azarorako jardunaldiak iragarri dira eta gai modura “Euskara elkarteak eta sormena” landuko da jardunaldiotan. Euskara elkarteetako kideen eta sortzaileen bilgune bihurtu nahi ditu Topaguneak jardunaldiak.
Horiez gain, sormena ardatz duten hainbat egitasmok jarraipena izango dute aurten: sortzaileentzako sariketa modura jaiotako Euskal Herriko Graffiti lehiaketak bosgarren edizioa izango du ekainean, ikus-entzunezkoen arloan ere sormenerako (ikus-entzunezkoen laugarren rallyan) eta sortzaileen lanen hedapenerako (film laburren bosgarren zirkuitua) egitasmoak burutuko dira eta Kultur Errotak 1.500. emanaldia eskainiko du aurtengoan, besteak beste.
Batzar Nagusian onartutako jarduera planean bazkidetza txartel bateratua sortzea eta mintzapraktika egitasmoen zabalkundearekin jarraitzea ere erabaki dute bazkideek.
Bazkide berriak
Nafarroako lau euskara elkarte onartu ditu bazkide moduan Batzar Nagusian Topaguneak, halaber. Ondorengoak dira urtean zehar federaziora batutako euskara elkarteak:
- Altsasuko Kima elkartea
- Lizarrako Garean elkartea
- Berriozarko Zorroka elkartea
- Agoitzeko Karrika elkartea
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 88 bazkide ditu orotara federazioak egun.
Zuzendaritza Batzordea berritzea
Azkenik, lau kide berri izan dira onartuak Zuzendaritza Batzordean:
- Elena Laka, Eibarko ...Eta Kitto! euskara elkarteko ordezkaria
- Joseba Llano, Arabar Errioxako Ttiki-Ttaka euskara elkarteko ordezkaria
- Aitor Izagirre, Arrasateko Txatxilipurdi elkarteko ordezkaria
- Karlos Gonzalez, Deustuko Berbaizu euskara elkarteko ordezkaria