Getxo Euskal Pilota taldeak antolatuta, apirila eta maiatzean zehar burutuko den San Isidro Esku Pilota Txapelketaren XIX. edizioa abiatuko dute bihar, igandea, goizeko 11etatik aurrera Getxoko frontoian. Lehenengo partidan promesak arituko dira, Idoate eta Ladis Galarzaren konbinatua Arrese eta Perosanzek osatutako bikotearen aurka. Ondoren, lehenengo maila bereziko afizionatuen txanda izango da. Partida horretan Mendizabal eta Arrastoa alde batetik eta Eguskiza eta Zabala, beste aldetik norgehiagokan arituko dira, 22. tantoa helburu. Guztira, 32 pilotari arituko dira txapelketan zehar. Biharko partidetarako sarrera doakoa izango da. Hemendik aurrera, igandero esku pilota partidak izango dira, finala Getxoko jaietan jokatuko dela. Bestalde, iaz, trofeoa Gipuzkoara bidaiatu zuen, Jon Bengoetxea eibartarrak eta Erroizenea hernaniarrak osatutako bikoteak nagusitasun osoz, 22 eta 13, Olaetxea tolosarra eta Ajuria galdakaoztarrak garaitu ondoren. Argazkian, Getxo Euskal Pilota taldeak Gabonetan antolatzen duen txapelketako irudi bat.