Mobilizazioaren ostean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek salatu zuten Espainiako Estatuak darabilen "salbuespen egoera" eta azken urtean bizitutako atxiloketak, sarekadak, torturak eta ilegalizazioak gogoratu zituzten. Eskualdeari dagokionez, Etxegarairen kasuaz gain, nabarmendu zuten 26 urte espetxean daramatzan Jon Bilbao Moro eta gaixo larri eta sendaezina den Anjel Figueroaren kasuak, "espetxe politika hiltzailearen adibide krudelak".
Egoera hori, marko politikoari buruzko eztabaida nagusian kokatu zuten, Euskal Herriak lurraldetasuna eta erabakitze eskubidea izango duen estatus berriari PSOEk, "indar erregionalisten babesarekin", ateak itxi nahi dizkiola esan baitzuten AAMko kideek. Baina, ohartarazi zutenez, "ezinezkoa" egingo zaie "herri hau isiltzea".
Askatu.org-eko oharra:
Bizi arteko zigorraren amaiera eskatu dute Plentzian ehundaka herritarrek.
Fernando Etxegarai bilatze eta atxilotze agindua duen euskal herritarrak parte hartu du manifestazioan. Bide batez Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako epaiketak presoekiko elkartasuna ezabatu nahi duela salatu dute. Mobilizatzeko deia egin dute.
Asteburu honetan hainbat mobilizazio burutu dira Fernando Etxegarairen eskualdean bizi arteko zigorraren aurka Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deituta. Pasa den astean Askatasunak eman zuen prentsaurrekoan espetxeetan bizi den egoera larriaren berri eman zuten eta besteak beste Fernando Etxegarairi gertatu zaiona salatu zen, 20 urte espetxean eman ondoren beste 4 urterako espetxeratzeko agindu baitu epaileak.