Gizartean Internetek leku gero eta garrantzitsuago duenez, beharrezkoa da euskararentzat sarean proiektu sendo eta oinarrizkoak izatea. Horien artean dago Wikipedia, gizateria osoaren jakintza doan eta aske banatzeko sortu zen proiektua. Horretan sinesten dugu: internauta euskaldunek, dauden lekuan daudela, gizadiaren informazio ahalik eta osatuena jasotzeko aukera izatea, beste hizkuntzetara jo behar izan gabe.
Jakintza askean sinesten dugu, jakintza baita aske egiten gaituena, jakintza baita gizarteari emateko daukagun opari onena.
Euskarak Interneten leku garrantzitsua izan dezan ari gara lanean, euskara garatu eta zabaltzeko beharrezkoa den ingurua baita sarea, eta horren alde jarraituko dugu lanean. Euskara teknologia berrietan, sarean, komunikazioaren munduan sustatzen duen baliabidea da Wikipedia; denon artean, auzolanean, euskaldun guztiok euskaldun guztiontzako sorturiko edukia biltzen duena.
Zuk ere egin dezakezu jakintza aske eta euskaldunaren alde, edonork hartu baitezake parte proiektu honetan: ez da inolako gaitasun berezirik behar, ekarpen guztiak ongietorriak bezain beharrezkoak dira. Hurrengoan, agian zu, irakurle, edota zure auzokoa, lankidea, senidea... izango zarete euskarazko jakintza askearen sortzaile eta sustatzaile.