Enpresak eta langabetuak kontaktuan jartzeko zerbitzua sortuko dute Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 8a, 00:06

Getxoko Behargintza Tokiko Ekonomiaren Garapenerako Laguntza Bulegoak datorren maiatzaren aurrera abiatuko du Enplegu Topagunea izeneko egitasmoa. Programa horren helburu nagusia beharginak behar dituzten enpresak eta lana bilatzen ari direnak elkartzen erraztea izango da. Lehen edizio honetan garbiketaren eta hirugarren adinekoak artatzeko sektoreetan ahaleginduko dira nagusiki. Enplegu Topagunearekin batera, maiatzean jardunaldiak egingo dituzte aipatutako lan sektoreetan behar egin nahi duten pertsonei dauden lanpostuen, enpresak eskatzen dituzten ezaugarrien eta eskaintzen dituzten lan-baldintzen gaineko informazioa emateko helburuarekin. Era berean, mintegietara doazenen lan-eskariak jasoko dira enpresa eta beharginen elkartzea errazteko. Nahi duten guztiak aipatu jardunaldietara bildu ahal izango dira.

Ikastaroak Argia elkarteak Algortako Hirutasun kaleko 10. zenbakian dituen bulegoetan egingo dira. Maiatzaren 5ean, astelehena, 10:00etan, “Pertsona edadetuak artatzeko sektorearen gaineko jardunaldia” egingo da eta bi egun beranduago errepikatuko da, baina 13:00ean. “Garbiketa sektorearen gaineko jardunaldia”, berriz, maiatzaren 12an, astelehena, eta maiatzaren 14an, asteazkena, egingo dute 10:00etan kasu bietan.

Jardunaldietan parte hartzeko eta horien gaineko argibideak jasotzeko Behargintza Enplegu Zentrora, Algortako Martin Deuna kalea 17an, 944 660 140 telefonora edota behargintza[abildua]getxo.net posta elektronikora jo beharko da.

Beharginak behar dituzten enpresentzako deialdia

Programak enpresentzako egokiak diren langileak topatu eta hautatzeko erraztasunak emango ditu. Datozen hilabeteetan beharginak hartu asmo dituzten enpresentzako deialdia da eta beren eskariak Behargintzan bertan, 944 660 140 telefonora deituz edo behargintza[abildua]getxo.net posta elektronikora idatziz aurkeztu behar izango dituzte datorren apirilaren 30a baino lehen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun