Jai giroa eta hausnarketa uztartuko dituzte asteburuko jardunaldi feministek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 8a, 11:06

Adin guztietako 24 emakumek parte hartu zuten joan zen ostiralean, apirilak 4, Algortako Villamonte kaleko kultur etxean egin zen Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministen aurkezpenean. Biharamunean, berriz, Leioako Lamia AEK euskaltegian eman zuten topaketen berri: gazteei zuzendutako saioaren bidez lehendabizi, hilaren 11n Errekaldeko (Bilbo) Kukutza gaztetxean izango den Emakume Gazteon Asanbladari begira; eta adin guztietako emakumeei ondoren. Apirilaren 12 eta 13an, EHUk Portugaleten duen Nautika Eskolan izango diren jardunaldi feministak "emakumeen arteko harremana sendotu zein taldeen arteko elkarlana sustatzeko asmoz" antolatu dituzte, ostiraleko aurkezpenean hitza hartu zuten Algortako Bilgune Feministako kideek adierazitakoaren arabera. Halaber, "eztabaidarako gune kolektiboa" izan nahi dute. Finean, "jai giroa borroka eta hausnarketarekin uztartu" nahi dute. Horrenbestez, hitzaldi eta txostenen aurkezpenez gain, tailer anitz izango dira bi egunetan zehar: hezkidetza, autodefentsa... eta beste hainbat. Larunbaterako (hilak 12), berriz, manifestazioa deitu dute, 20:00etarako, Bilboko Plaza Biribiletik abiatuta. Argazkian, Algortan egindako aurkezpena.

"Feministok eraldaketarako borrokan!" lelopean, indarkeria sexista edota emakumearen identitatea izango dira eztabaidagai, apirilaren 12 eta 13an, Portugaleteko Nautika Eskolan egingo diren Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministetan. Emakume Internazionalistak, Plazandreok, Bizkaiko eta Arabako Emakume Asanbladak, Medeak, Herne, 7menos20, Bilgune Feminista, Lanbroa eta Amalatz eragileek osatzen duten Euskal Herriko Koordinadora Feminista da antolatzailea; eta ekimen honekin "euskal emakumeak bildu, iritziak partekatu eta eztabaida sustatu" nahi dute. Jardunaldietan parte hartu nahi duenak, www.jardunaldifeministak.org webgunearen bidez izena eman ahal izango dute, horretarako 15 euro (bazkaria barne ez dela) ordaindu beharko direla.

Hiru ardatz

Topaketek hiru ardatz izango dituzte antolatzailek azaldu dutenez. Lehena, "Emakumeak Euskal Herrian eta munduan" izenekoa eta bertan eztabaidatuko diren gaiak, besteak beste, zaintza, prekarietatea edota parte hartze sozio-politikoa izango dira. Indarkeria sexistak ere lekua izango du eta prebentzioaz, legeriaz eta eman beharreko erantzunaz jarduteko beta izanen dute Portugaletera bertaratuko diren emakumeek. Azken atalak, berriz, "Emakume identitate eta gorputz intsumituak" izango du goiburu eta sexualitateaz, prostituzioaz edota abortuaz hitz egingo dute.

Egitaraua:

Apirilak 11, ostirala

16:30 Emakume Gazteon Asanblada Kukutza gaztetxean (Errekalde, Bilbo)

Apirilak 12, larunbata

9:00 Akreditazioa.
9:30 Jardunaldien aurkezpena: ardatzen kokapena, metodologia...
11:00 Lehenengo ardatza: "Emakumeok herrian eta munduan": zaintza, prekarietatea, interkulturalitatea, parte hartze sozio-politikoa...
14:00 Bazkaria.
15:30 Bigarren ardatza: “Emakumeok indarkeri sexistari aurre eginez: prebentzioa, legeak, erantzuna...”
17:00 Atsedenaldia.
17:30 Bigarren ardatza: “Emakumeok indarkeri sexistari aurre eginez: prebentzioa, legeak, erantzuna...”
20:00 Manifestazioa Bilbon.
22:00 Festa Kukutzan (Errekalde, Bilbo)

Apirilak 13, igandea

9:30 Hirugarren ardatza: “Emakumeok, gure identitatea eta gure gorputz intsumituak: sexualitateak, queer teoria, prostituzioa, eskubide erreproduktiboak: abortoa, eskubide sexualak, lesbianismoa...”
12:00 Atsedenaldia.
12:15 Ondorioak eta bukaera ekitaldia.
14:30 Bazkaria.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun