Iñigo Lamarca: "Arartekoa, ijitoekin"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 8a, 11:23

Gaur, apirilak 8, Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna da. Egun berezi honetan, ohartarazi nahi dizuet gure gizartean oraindik ere gaitzetsi egiten dela "ijitoekin" erlazionatuta dagoen oro. Administrazio publikoak modu arduratsuan hasi dira ijito herria sozialki eta kulturalki aintzatesten eta horiek jazarrita bizi izan direla onartzen. Horretarako, ijitoak gizarteratzea eta ekonomian barneratzea dakarten neurriak abiarazi behar izan dira. Egiten ari diren lana zaila da; ijitoek jasan behar izan duten isolamendua eta bazterkeria ezin baita urte gutxi batzuetan gainditu. Emaitzak etorkizunean ikusiko dira. Baina merezi duen lana da eta, arartekoa naizen heinean, eragile sozial eta instituzionalak egiten ari diren ahaleginek nire begirune osoa dute. Besteak beste, eskola-porrotaren aurka egiten, bizitoki egokia eta bizimodu duina izaten, lan merkatuan txertatzen eta herriko arazoetan hitz egiteko aukera izaten laguntzeko lanaz ari gara. Argazkian, hainbat ume ijito kalean jolasten / Siro Lopez.

Bultzatutako neurriek, batzuetan, gizartearen erantzuna izan ohi dute, ez baita ulertzen ijitoek laguntzarik jasotzea. Ijito herri osoari leporatzen zaio zenbait kideren portaera, nahiz eta horiez jada arduratzen diren epaileak. Horrela, esate baterako, etxebizitza batean bizitzen hasiko den pertsona ezagutu gabe, ijitoa dela edo leku "gatazkatsu" batean bizi zela jakinda bakarrik, bizilagunak delako pertsonari berriro bizilekua eman ez dakion ahalegintzen dira. Beharbada, berriro bizilekua emateaz gain, beste neurri batzuk ere behar dira auzokideen arteko bizikidetasuna ahalbidetzeko, baina garrantzitsua da argi izatea ijitoak gizarteratzeko eta haiek XXI. mendeko herritar gisa sustatzeko, gainerakoen baldintza berdinetan, beharrezkoa dela guztiak elkarrekin bizitzea, auzoetan, lanean, eskolan... Ezin dira isolatu eta ezin dira behartu, ezta ere, herri batetik bestera ibiltzera leku "atseginago" baten bila, historiak garbi azaltzen duen moduan, hori ez baita inoiz erabat hala izan herri honentzat.

Egia da urrats garrantzitsuak egin ditugula, besteak beste, Gutxiengo Nazionalak Babesteko Esparru Akordioa berrestea edo Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Euskal Plana onartzea, baina oraindik ez dira guztiz bete hartutako konpromisoak eta horiek betetzea eragozten duten bereizkeriazko jarrerei aurre egin behar zaie. Zor diegu, eta, ziurrenik, ondorengo belaunaldiek, bai gureek bai eurenek, eskertuko dute.

Iñigo Lamarca Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Arartekoa
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun