Erroldatzearen aldeko kanpaina jarri du martxan Leioako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 8a, 14:25

Leioaztar guztiek "erroldatzeko duten eskubidea eta betebeharraz" ohartarazteko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren menpe dagoen Inmigrazio Zuzendaritzak abiatutako kanpainarekin bat egin du tokiko udar erakundeak. Ekimenarekin "erroldatu beharra" dutela gogoratu nahi die etxebizitzen jabeei Leioako Udalak, baita "pisu bat alokatuz edo azpierrentan emanez gero, bertan bizi diren pertsonen erroldatzea idatziz baimentzea euren betekizuna" dela ere, Isabel Garcia Gizartekintza zinegotziak azaldutakoaren arabera. "Hori ez betetzeak gure bizilagunen eskubideak urratzen ditu. Beharrezkoa da, herrian bizi diren lagunen kopuru zehatza jakitea, besteak beste, udalerriko ekintzak eta udal-zerbitzuak egokitzeko", Ezker Batukoak gaineratu duenez. Batez ere etorkinei zuzenduta dago kanpaina. Joan den otsaileko datuen arabera, Europako Batasunetik kanpoko 1.408 etorkin bizi dira Leioan eta 255 barrukoak. Horien artean, bolibiarrak (561 lagun), kolonbiarrak (221) eta marokoarrak (102) dira gehienak, egun 30.011 pertsona erroldatuta dauzkan udalerrian. Argazkian, eskualdean bizi den etorkin familia.

"Erroldatzea eskubide eta betebeharra da" lelopean, Leioako Udalak hainbat tokitan banatu ditu 500 informazio orri eta 40 kartel, kanpainaz ohartarazi eta biztanle oro informatuta egon daitezen. Toki horien artean daude, adibidez, euskaltegia, kultur aretoak, Behargintza, udaletxea, udaltzain etxea, kiroldegia, Sortarazi, Caritas, elizak eta mintzatokiak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun