Aurten lau ikastaro izango dira, urtean zehar, Itzubaltzeta / Romoko Ezekiel Agirre kaleko 21. atariko lokaletan, 10:00etatik 14:00etara. Horrenbestez, apirilean egingo dute norbaiten laguntza behar duten pertsonak zaintzen irakastekoa. Bigarrena, maiatzan izango da eta elikadura eta sukaldaritza izango dira gaiak. Ekainean emango duten ostalaritzari buruzko ikastaroak, berriz, zerbitzari lana hobetzea izango du helburu. Azkenik, “Sexu eta ugalketa osasuna” izenburukoa irailean eta abenduan izango da.
Bestalde, txangoak ere egingo dituzte Zugastieta, Gasteiz, Markina, Donostia eta Gernikara, hurrenez hurren. Gainera, Algortako metro geltokitik hasita, herrian zeharreko bisita gidatuak prestatu dituzte.
Ikastaroetan eta txangoetan izen-ematea Getxoko Herritarren Arretarako Bulegoetan edo www.getxo.net webgunearen bidez egin daiteke. Pertsona guztiek izen-ematearen egiaztapena telefono dei bidez jasoko dute ikastaro hasi edo txangoa izan baino 5 egun lehenago.
Harreman sarea
“Jakin badakigu zaurgarri eta minbera izaten direla etorkinak heldu eta lehenengo urteetan, familiartea atzean utzi dutelako. Hain zuzen ere, horregatik da beharrezkoa aniztasun eta aisialdirako topaketak sustatzea, horien bitartez, harreman sareak berriro eraiki ditzaketelako eta bizi kalitatea hobetu”, Elena Rodriguez Munduko Medikuak erakundeko bozeramailearen arabera. Egitasmoak pertsona eta lan osasuna lantzeko ikastaroak aurreikusten ditu, sexu eta ugalketa osasunari eta genero indarkeriari arreta berezia emanez. 2008ko urtarrilaren 1eko datuen arabera, 5.048 etorkin daude erroldatuta Getxo udalerrian. Horietatik %30 Boliviatik etorritakoak dira, emakumeak gehienak.