Ostiral honetan, apirilak 11, herrian bertan dagoen Berbarakobarri sagardotegian izango da bertso afaria, Algortako Bertsolari Eskolak antolatuta. Hitzordua 21:00etan jarri dute eta Andoni Egaña zarauztarra eta Fredi Paya algortarra arituko dira kantu kantari, afalostean. Izena emateko zein informazio gehiago eskuratu ahal izateko albegetxo[abildua]gmail.com e-posta helbidea eta 605 704 385 telefono zenbakia jarri dituzte. Biharamunean, berriz, bizikletak hartuta Barakaldora joango dira Egizu Getxo Euskaldun! elkartekoak. Sasiburu euskara taldeko berbalagunek egindako gonbiteari erantzunez, Barakaldo eta Galdames artean, 50 kilometroko joan-etorria egingo dute, meategiko trenbide ohiaren bidetik. Horrenbestez, 8:00etan, Algortako metro sarreran daukate hitzordua berbalagun getxoztarrek, bertatik metroz Ansiora joan eta hantxe Sasiburukoekin elkartzeko. Izena emateko, 619 935 541 telefono zenbakira deitu edo egizugetxo[abildua]gmail.com posta elektroniko helbidera idatzi beharko da. Argazkian, Sopelako AEK-k antolatuta larunbatean egingo den Esaera Zaharren Txapelketara ere gonbidatu dituzte berbalagun getxoztarrak. ALBEkoak bertan izango dira.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!