Langraizera bueltan lau epilepsia krisialdi izan ditu Anjel Figueroak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 8a, 21:05

Martxoaren 27an ospitaleratu behar izan zuten azkenekoz, Txagorritxun (Gasteiz), Anjel Figueroa Algortako euskal preso politiko gaixoa, epilepsia krisialdi baten ondorioz. Bada, dagoeneko Langraizko espetxean bueltan zela, lau krisialdi bortitz izan zituen igande gauean, Anjel kalera! herri ekimenak zabaldu duenez. Xehetasun gehiago jakin artean, ostiral iluntzerako (apirilak 11) Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak deitutako elkarretaratzearekin bat egitera deitu ditu herritarrak erakundeak. Algortako Telletxe plazan izango da kontzentrazioa, 20:00etan. Izan ere, "gero eta larriagoa da Anjel Figueroaren osasun egoera: maizago eta bortitzagoak izaten dira epilepsia krisialdiak", azaldu dutenez. Urtarrilaren 28an ere ospilateratu behar izan zuten, egun batzuk lehenago, Txagorritxun hilabetea egin ostean, Langraizeko espetxera bueltatu eta beste lau krisialdi sufritu zituelako. Orduan, otsailaren 13ra arte egon zen ospitalean. Hartara, preso gaixo algortarra "behingoz kalera atera dezatela" exijitu dute. "Anjelen bizia dago jokoan!", ohartarazi dutenez.

Algortarrak gaixotasun kroniko eta sendaezina du: epilepsia tenporala eta eskuinaldeko esklerosi mesiala, hain zuzen. Gainera, ezkerraldeko lobulu tenporalean beste foku bat duela antzeman zioten orain hilabete batzuk. Horren ondorioz krisialdi epileptiko larriak izaten ditu, krisialdi horietan konortea galtzen du, eta tartean absentziak, memoria galerak eta haluzinazioak ere izaten ditu. Horrenbestez, Anjel kalera! herri ekimena abiatu zuten 2007ko azaroaren 17an 50 bat algortarrek, euren auzokideari Kode Penalaren 92. artikulua aplikatu eta espetxetik atera dezatela eskatzeko asmoz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun