Legazpitik irten da Euskal Herriko Itzuliaren hirugarren etapa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 9a, 15:49

Alberto Contador espainiarra nagusi jarraitzen duela, 149 txirrindulari irten dira goizeko 12etan Erandio-Biana Euskal Herriko Itzuliaren hirugarren etapako 195 kilometroak egitera. Quick Step taldeko Carlos Barredo izan da pelotoitik jaitsi den bakarra, atzoko ibilbidearen ostean. Lehenengo etapa Legazpi-Legazpi eta bigarrena Legazpi-Erandio Landa izan baziren ere, gaur Legazpitik irten da berriro ere lasterketa. izan ere, Udalak antolakuntzari egindako keinua egiteagatik edo kasualitateagatik, txirrindulariak Altzagako Azoka zaharren ondoan dagoen Legazpi kaletik irten dira, Mikel Arieta-Araunabeña alkateak zinta moztu ondoren. Aurretik, Jado-Compasion ikastetxeko ehun bat ume izan dira, txirrindulariak animatzen eta, batez ere, orain liderra den Astana taldeko Alberto Contador. Madrildarra sinaduren kontrolera igo denean eta irakasleek animatuta "Contador, Contador!" oihukatu dute hainbat minutuz haurrek, Saunier-Duval talde arerioaren banderatxoak astintzen ibili diren bitartean. Maillot horidunak hainbat autografo banatzen eskertu die adore ematea. Bestalde, Euskal Herriko Itzulia izan arren, antolakuntzako mikrofonotik ia ez da euskararik entzun.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun