Parte hartzaileen talde bat, 21 kide, norakoetara abiatuko da hil honetan, eta egonaldiaren 14 asteak bukatutakoan, uztailean itzuliko da. Gainontzeko 14 kidek egonaldiak egingo dituzte programaren bigarren fasean, irailean. Parte hartzaile horiek aukeratzeko datozen asteotan bigarren deialdi bat egingo da.
Esan bezala, beken iraupena 14 astekoa da. Praktika-aldiak honela izango dira: hiru aste prestakuntza linguistiko eta kulturalerako (guztira 60 eskola), eta beste hamaika aste beraien titulazioarekin lotutako lan praktika egiteko. Bekadunek tutore bat izango dute norakoan aurreikusitako aktibitateak antolatu eta gainbegiratzeko, baita jarraitu eta ebaluatzeko ere. Halaber, enpresan bigarren tutore bat izango dute.
EPEZ programaren onuradunek egonaldiko gastu nagusiak ordainduta izango dituzte (bidaiak, aseguruak, prestakuntza, ostatua, kudeaketa eta antolakuntzarako). Horrez gain, BBK-Gaztelanbidean-ek 200 euroko diru-laguntza emango die hileko BBKko bezeroak direnei.
Deialdi arrakastatsua
Ekimenak arrakasta nabarmena izan du, EHUren aburuz; izan ere, programan parte hartzeko 70 eskaera jaso dira lehenengo fasean. Aipatzekoak dira "eskatzaileen maila akademiko altua eta motibazio handia". Horiek hautatze prozesua aberastu dute. Prozesu horretan honako irizpideak hartu dira kontuan, besteak beste: lanean hasteko erraztasun gutxiago ematen duen unibertsitate-ikasketa izatea, espediente akademikoa, eta programan parte hartzeko motibazioa. Gainera, erroldatuta egon behar zuten Bizkaian, nahiz eta ikasketak EHUko edozein campus edo ikastegitan egin.
Lehen fasean aukeratu diren 21 ikasleak honako ikastegietakoak dira: Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatekoak (6), Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoak (6), Zientzia eta Teknologia Fakultatekoak (4). Gainontzekoak Arte Ederren Fakultatekoak (2), Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolakoa (1) eta Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolakoa (1). Eskatzaile gehienak emakumeak izan dira (%77), baita onuradunak ere (%81). Hiriei dagokienez, gehien eskatu dutena Derry (Irlandako Sei Konterrietan) izan da, eta Paduak eta Veneziak ere interesa piztu dute.
EPEZ III
EPEZ III egiteko gestioak hasi dira eta berriro ere izango du Gaztelanbidean Fundazioaren laguntza. Hirugarren edizio horretarako Leonardo da Vinci Agentziari eskatutako beken kopurua igo da. Beraz, EHUko 45 tituladuni mugikortasuna eskaintzea aurreikusten da.