Algortan eta Itzubaltzetan ospatuko dute ekainaren 14an Mintza Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 9a, 21:20

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatuta, Algortan eta Itzubaltzeta / Romon ospatuko da ekainaren 14an, larunbatarekin, III. Mintza Eguna, Rozio Luces Egizu Getxo Euskaldun! elkarteko dinamizatzaileak gaur iragarri duenez. Aurretik Iruñean eta Donostian egin ondoren, egun horretan Euskal Herri osotik etorritako 400 berbalagun (getxoztarrak barne) batzea espero dute, "elkar ezagutu, ondo pasatu eta euskaraz gozatzeko asmoz". Halaber, Getxo Udal Euskaltegiko, Lauaxeta AEKko eta Jose Antonio Agirre euskaltegiko irakasle eta ikasleak egongo dira gonbidatuta berbalagunen urteroko jaian parte hartzera, ikastaroari amaiera bikaina emateko asmoz. Bizarra Lepoan euskara elkartearekin batera, aipatu hiru zentroek osatzen dute Egizu. Argazkian, Koldo Iturbe Euskara zinegotziarekin batera eman du prentsaurrekoa gaur Lucesek. Izan ere, Eusko Jaurlaritzarenaz gain, Getxoko Udalaren laguntza izango du Egizuk Mintza Eguna antolatzeko.

Mintza Egunari hasiera emateko, Algortako Portu Zaharrean egingo diete ongi etorria berbalagunei. Ondoren hamaiketakoa egin eta kalejiran joango dira Algorta erdialderaino, bertan metroa hartu eta Itzubaltzeta / Romon bazkaria eta Patxi Perezen erromeriaz gozatzeko. Lucesek adierazi duenez, Euskal Herri osoko 46 udalerritan 2.500 lagun inguruk parte hartzen dute, "astean behin, kalean, parkean, tabernan edo frontoian, giro lasai eta atseginean", euskara dakitenak eta ikasi berriak euskaraz berba egiteko elkartzea helburu duen egitasmoan. Getxo udalerrian berriz, zortzi urte dira, Bizarra Lepoan euskara elkarteak berbalagun egitasmoari ekin zionetik. Egizuk 2005ean hartu zuen lekukoa eta, ordutik hona, bi urtetan behin sinatzen dute hitzarmena Udalarekin. Abenduaren 31n bukaera izango duen aurtengo akordioan oinarrituta, 16.900 euro jaso ditu aurten euskara taldeak, Iturbek jakinarazitakoaren arabera.

Inoiz baino indartsuago

Egun "inoiz baino indartsuago" dabil Getxon berbalagun egitasmoa, Lucesek nabarmendu duenez. Egizuko dinamizatzaileak emandako zenbakien arabera, 170 lagun parte hartzen ari dira aurten ekimenean, 26 taldetan banatuta. Gainera, udaberriarekin batera, talde berriak osatzeko kanpaina martxan jarri dute. Apiriletik ekainera bitarterako 20-30 lagun berrik izena ematea espero dute elkartekoek, beste lau talde gehiago osatu ahal izateko. Horrenbestez, apirilaren 15ra arte edukiko dute aukera izena eman nahi dutenek. Talde horietan parte hartzeraanimatu ditu euskaldun zaharrak Egizuko dinamizatzaileak, "beraien partaidetza oso garrantzitsua" delako. Baina guztia ez da astean behin ordubetez euskaraz mintzatzeko batzea. Urtero 25 bat jarduera (diaporamak, ipuin kontaketak, hitzaldiak, ikastaroak, tailerrak, bisita kulturalak, lehiaketak...) antolatzen dituzte Bizarra Lepoan eta udalerriko hiru euskaltegien elkarlanari esker. Igaz 1.000 lagun baino gehiagok parte hartu zuten ekimenetan. Horiek, "parte hartu nahi duten guztiei zabalik" daude, Lucesek jakinarazi duenez.

Horrela, hemendik eta ikasturtea amaitu bitartean honako ekitaldi hauek antolatu dituzte (horietatik asko beste elkarte batzuekin elkarlanean): apirilaren 12an, bizikleta irteera Barakaldotik; 14an, hitzaldi txalapartatsuak; 26an, mendi irteera Tologorrira (Urduña, Bizkaia); maiatzaren 13 eta 14ean magia saioa Tor magoarekin; 17an, mendi irteera Kolitzara (Balmaseda, Bizkaia); 24an eta 25ean asteburua Zugarramurdin (Nafarroa Garaia); ekainaren 14an Mintza Eguna; eta ekainaren 21ean eta 22an asteburua Plazaolan bizikletaz ibiltzeko. Berbalagun ekimenean edo gainontzeko ekitaldietan parte hartzeko interesatuek honako bi telefono zenbaki hauetara dei dezakete: 944 914 357 edo 619 935 541 edo bestela egizugetxo[abildua]yahoo.com helbide elektronikora edo www.blogari.net/egizu blogera jo.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun