Emakume gazteen asanbladan parte hartzera deitu du Itzubaltzetako Segik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 9a, 22:16
Itzubaltzeta / Romoko Segi gazte erakundeak deialdia luzatu die herriko zein eskualdeko emakume gazteei etzi, ostirala, Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxean burutuko den Euskal Herriko emakume gazteen asanbladan parte har dezaten. Izan ere, gazte taldeak Emakume Gazte Feministekin bat egin eta prentsa ohar baten bidez azaldu duenez, egungo gazte mugimenduko emakumeak "berdintasunaren garaian hezituak izan gara eta horren ondorioz askotan emakume gazteak feminismoarekin dugun atxikimendua oso txikia da" eta horretaz jardun nahi dute, batez ere, Kukutzako asanbladan. Era berean, larunbat eta igandean ospatuko diren Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministetarako ere deitu egin dute, "bertan mugimendu feministak bere egoera aztertu eta borrokaren norabideaz hausnartzeko aukera izango" baitu. Argazkian, Emakume Gazte Feministek martxoaren 15ean egindako aurkezpena / Gazte feministak.
Itzubaltzeta / Romoko Segiren oharra:

Aurten Euskal Herrian burutuko diren IV. Jardunaldi feministak izango dira, eta bertan mugimendu feministak bere egoera aztertu eta borrokaren norabideaz hausnartzeko aukera izango du. Jardunaldien harira kolektibo ezberdinetako emakume gazteok bildu gara borroka feministan gure ekarpena zehazteko asmoz, gazte mugimenduko partaideak gara, mugimendu feministako partaideak eta orokorrean emakume gazteak eta feministak gara. Jardunaldietan parte hartzeaz gain, emakume gazteok biltzearen beharra ikusi dugu, gure egoerari buruz aritzeko eta feminismoa nola bizi dugun gure artean konpartitzeko. Berdintasunaren garaian hezituak izan gara eta horren ondorioz askotan emakume gazteak feminismoarekin dugun atxikimendua oso txikia da. Hori aztertzeko emakume gazteon asanblada bat antolatu dugu apirilaren 11an Kukutza gaztetxean 16:30ean. Eta noski, apirilaren 12 eta 13an Portugaleten burutuko den Euskal Herriko IV Jardunaldi Feministetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu neska feminista gazte guztioi.

Itzubaltzeta / Romoko Segi
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun