Itzubaltzeta / Romoko Gobela Kiroldegiaren azpian dagoen aparkalekuan jarriko dute bihar, osteguna, eta etzi, ostirala, hiru urtetik gora dituzten ziklomotorrak IATren azterketa egiteko gune mugikorra. Getxo Udaleko iturriek zabaldu dutenez, hiru urtetik gora dituzten ziklomotorrek aldizkako azterketa teknikoa egiteko beharra dute, Eusko Jaurlaritzak 2007an horrela erabaki zuenez geroztik, eta hori dela eta, IAT estazio ibiltariak ipini dituzte herriz herri ibiltzeko. Getxo udalerriari dagokionez, bihar ostegunean eta etzi ostiralean izango da horietako bat Gobelan, 9:30etik 13:30ak arte eta 15:30etik 18:30ak arte. Industria Sailak komenigarritzat jo du aipatu estazio mugikorrak ipintzea bi gurpildun ziklomotorren joan-etorriak herri barrura mugatzen direla kontuan hartuta, eta batzutan bide azkarretatik ibiltzea galarazita dutelako. Aipatu egunetan azterketa egitea ezinezko dutenek IATra jo beharko dute hurrengo azterketak noiz eta non egingo diren jakiteko.