Areetan egoitza duen Sener eta Barakaldoko Precicast armagintza enpresetara egingo dute bizikleta ibilaldia larunbat honetan, apirilak 12, Kakitzak koordinadora antimilitaristak eta Kontzientzi Eragozpen Mugimenduak (KEM). Batetik, horiek Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta daudela salatu nahi dute. Hartara, "administrazio publikoren aurrekontuen desmilitarizazioa eta armagintzei diru-laguntza atzera-egitea" eskatzen dute talde antimilitaristek. Bestalde, "industria militarraren birmoldaketa" exijitzen dute, hori "helburu zibiletarako" erabiltzeko. Sener enpresak ingeniaritza militarrean dihardu eta Eurofighter europar konbate-hegazkiaren zein KEPD-350 Taurus gurutzaldi-misilen osagaiak egiten ditu. Precicastek, berriz, Airbus A400M garraio militarrerako hegazkinaren piezak egiten ditu. Horrenbestez, larunbateko bizikleta martxa 11:00etan abiatuko da Bilboko Kale Nagusian dagoen foru jauregitik. Argazkian, atzo aurkeztu zuten ekimena Eusko Jaurlaritzako Bilboko ordezkaritzan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!