Leioan ziharduen ustezko Bizkaiko kokaina trafikorako sare nagusiko 7 partaide atxilotu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 10a, 18:04

Zazpi pertsona atxilotu zituzten pasa den asteburuan, haietako lau Bizkaian eta beste hiru Kantabrian, Ertzaintzak zabaldutako droga trafikoaren aurkako operazio baten harira. Herrizaingo Sailak gaur zabaldu duen informazioaren arabera "Bizkaian ziharduen kokaina trafikorako sarerik nagusiena" desegin dute egindako atxiloketak direla medio. Sare hori Kantauri Itsasoko kostalde osoan aritzen zen, beti iturri polizialen arabera, eta hilero Galizia eta Madriletik heldutako 20 bat kilo kokaina banatzen zituen. Ustezko narkotrafikanteek egoitza zuten Leioako Artatzagane kaleko pisu batean, biltegi zein laborategi gisa erabiltzen zutena. Operazioaren barruan, pisua eta beste guneak miatu eta hiruna kilo kokaina eta hatxis, hainbat kontabilitate liburu, dokumentazio, materiala, dirua, bi pistola eta potentzia handiko bost ibilgailu atxiki dituzte, Ertzaintzaren arabera. Bizkaian atxilotutakoak atzo Barakaldoko 2. epaitegitik pasa ondoren sartu zituzten espetxean. Kantabriakoei, berriz, laguntza ematea egozten dietenez kalean daude dagoeneko, epailearen aurrean noiz deklaratzeko zain.

Ertzaintzak urte hasieran abiatu zuen ikerketa, "kokainaren banaketan ziharduen talde antolatu bat Bizkaian zebilela" jakin ondoren. Tramaren arduraduna "estupefazienteen trafikoari oso lotuta" zegoen eta "delitu zerrenda luzea" zeukan pertsona bat zela"baieztatu egin" zuten lehenengo azterketek, Herrizaingo Sailak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez. Sareko beste sei ustezko partaideek 40 eta 50 urte bitartekoak dira eta guztiei aurrekariak izatea leporatu die Ertzaintzak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun