Oso gaztea zela eman zituen Crayk lehenengo urratsak musikan. Arkitektura ikasketak hasteko prestatzen ari zela, Steakface taldea osatu zuen. 20 urte beteta, Mendebalde Kostako blues aretoetan jarduten hasi zen. 1980. urtean bere lehenengo lana grabatu zuen: "Who’s Been Talkin’", hain zuzen ere. Horren ondoren "Bad Influence" eta "False Accusations" iritsi ziren. Mercury Recordsek Cray kontratatu zuen eta diskoetxe horren eskutik "Strong Persuader" egin zuen. Diskoak ospe handia eman zion eta Grammy sari bat lortu zuen horri esker.
90eko hamarkada hasi zenerako, Cray artista ospetsua zen. Gitarra soinu bikainagatik eta soulak eraginiko ahotsagatik nabarmendu zen musikaria. Garai horretan Eric Clapton mailako artistekin aritu zen eta John Lee Hookerren "Boom Boom" disko ospetsuan parte hartu zuen, "Sam Old Blues" abestiaren grabaketan, hain zuzen ere. Geroago Hookerrekin aritu zen berriro, "The Healer" lanean. Gaur egun, Robert Crayk bere estilo gustukoenekin esperimentatzen jarraitzen du: bluesa eta soula eta, tradiziozko musikaren mugak alde batera utzita, generoa berritu eta landu egiten du etengabe.
Bertako bluesa
Robert Crayren aurrean, Getxo&Bluesek The Reverendos talde getxoztarra ekarriko du aurten. Ohi denez, jaialdiak bertako bluesaren aldeko apostua egiten du urtez urte eta, 2008an, Alvaro Martinezek (gitarra), Igor Garciak (teklatuak eta ahotsa), Edu Uñak (kontrabaxua) eta Edu Landetak (bateria) osatutako laukoteak emango dio hasiera larunbateko saioari, 21:30etik aurrera. Bere hasieretan Blue Spirits izena taldea baina, ondoren, aldatu egin zuten. Bere jardueran The Reverendosek bi disko kaleratu dituzte, bigarrena, "Back in Town" izenpean, iaz grabatua