Bizarra lepoanek eta Udalak kirol elkarteen eta elkarte horiek antolatzen dituzten kirol jardueren gaineko azterketa soziolinguistikoa eta plan estrategikoak eginak dituzte. Koldo Iturbe Euskara zinegotziak diru-laguntzaren berri emateko eginiko adierazpenetan azaldu duenez, 39 kirol elkarteek adostutako “Gehitu Kirolera” egitasmoaren bidez, “kirola eta euskara uztartu nahi dira, garatzen diren kirol jardueretan euskararen erabilerari bideak errazteko eta kirol elkarteek egiten duten eskaintzaren kalitatea hobetzeko”.
Bizarra Lepoan Elkarteak aurreikusitako jardueretako batzuk abiatu ahal izango ditu aurten. Besteak beste, guraso, gazte eta ume euskaldunei 39 kirol elkarteen lana ezagutaraztea, taldeetako begiraleak egitasmoan inplikatzea eta beste kirol elkarte batzuk egitasmora erakartzea izango dira jardun horietako batzuk. Formazioaren atalari dagokionez, aisialdiko begirale eta zuzendari ikastaroak antolatzen jarraituko du Bizarra Lepoanek. Horrez gain, aipatu elkarteekin batzarrak egingo ditu, hobekuntza planak diseinatuko ditu eta proiektuaren jarraipen zehatza eta hartutako neurrien eta egindako jardueren gaineko balorazioa egingo ditu.
Egitasmoaren barruko ekimenak
Getxo Kayak-Piraguismo da dirulaguntzaren hartzaileetako bat, konpromisoa hartu duelako bere zuzendaritzako kide eta entrenatzaile bik euskararen ezagutzan aurrera pausua emateko nahian euskaltegian izena emateko. Honez gain, beste elkarte batzuekin batera, arraun elkarteek Bizarra Lepoanen Bapiruke udalekuetako umeekin euskarazko irteeretan parte hartuko dute. Futbol elkarteen kasuan, hartutako konpromisoak dira, berbarako, entrenatzaileek entrenamenduetan euskara erabiltzea eta sustatzea, eta karteletan euskararen presentzia gutxienez gaztelaniaren parekoa izatea.
Apirilean elkarteetako entrenatzaile eta begiraleek euren entrenamenduetan euskara sustatzeko estrategiak eta tresnak eskainiko dizkien ikastaroa doan egiteko aukera izango dute. Eta ikasturtea amaitu aurretik, maiatzean, kirol elkarteen topagunea izango den Kirol Mahaia antolatuko da ibilbide horretan izandako lorpenak eta zailtasunak elkar trukatu eta baloratzeko.
Irailean, ikasturte berriarekin batera, familia getxotarrek kirola euskaraz gozatzeko aukera eskaintzen duten elkarteen berri izango dute, umeek eta gazteek gustuko duten kirol elkartean izena eman dezaten.
Kirol talde partaideak
Bizarra Lepoan Getxo udalerriko euskara elkarteak jakinarazi duenez, honako hauek dira Gehitu kirolera! egitasmoan parte hartzen duten taldeak: Memorial Itziar Lopez Uralderen Oroimenez, Aspanovas, Eugenia Epalza Fundazioa, San Nikolas Pala Txapelketa, Romo Futbol Club, Club Deportivo Galea, Iturgitxi Futbol Club, Club Tenis Fadura, Akelarre Oiarreta Barrukoa Futbol Sala, Itxartu Mendigoizale Taldea, Getxo Rugby Taldea, Getxo Saskibaloia, Club Atletismo Getxo, Bizkerre Futbol Taldea, Bizkeneskak Futbol Taldea, Fadura Igeriketa Taldea, Fadura Waterpolo Taldea, Getxo Futbol Sala, San Nikolas Ikastola, Getxoko Pilota Eskola, Raspas Arraun Elkartea, Punta Galea Txirrindulari Elkartea, Getxo Surf Taldea, Geroa Gimnasia Elkartea, Arraultzaldeon Futbol Taldea, Getxo Herri Kirolak Elkartea, Erromo Eskubaloi Elkartea, Getxo Piraguismo Taldea-Getxo Kayak, Getxo Hockey Taldea, Aixerrota Boleibol Taldea eta Getxo Arraun Elkartea.