Anjel Figueroa preso politiko algortarraren osasun egoera "egunetik egunera larriagotuz" doala ohartarazi du gaur
Anjel kalera! herri ekimenak. Erakundeak egindako kronologiaren arabera, martxoaren 20an ospitaleratu behar izan zuten Txagorritxun (Gasteiz) eta, hurrengo egunean, Langraizko espetxera bueltatu zuten. Aste bete beranduago ere, hilaren 27an, ospitalera eraman eta apirilaren 4ra arte eduki zuten bertan. Apirilaren 7ko krisialdia, berriz, "oso gogorra" izan dela adierazi dute. "Hala ere, goizaldean ospitaleratu eta gauean bueltatu zuten Langraizera, sendagiria jasota", salatu dutenez. Bada, gaur goizaldean, sartu eta "pixka bat pasatu zaionean" itzuli egin dute kartzelara, "urgentziazko tratamendua ematearen ondorioz", herri ekimeneko kideek jakinarazitakoaren arabera. Bitartean, bihar iluntzerako (apirilak 11) Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak deitutako elkarretaratzearekin bat egitera deitu ditu herritarrak Anjel kalera! herri ekimenak. Hurrengo ostiralean (hilak 18), berriz, manifestazioa izango da 20:30ean Algortako Telletxe plazatik abiatuta eta ekitaldia, ondoren, 21:00etan, Txiki Otaegi plazan. Azkenik, hilaren 24an, ostegunarekin, Figueroaren egoeraren gaineko hitzaldia egingo dute, 19:30ean, Algortako kultur etxean.