Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du Albaro Arri Pascual "Muni" preso politiko algortarraren abokatuak ezarritako babes helegitea, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez. Hartara, 1994ko uztailaren 29an Madrilgo Ramales plazan gertatutako Francisco Veguillas Espainiako Armadako teniente jeneralaren eta bi lagunen hilketa leporatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarri zion 208 urteko espetxe zigorra finkoa da jada. 2005eko irailaren 22ko epaiketan, "militarren ibilgailua igarotzen ari zela Madril komandoko kideei bonba eztandarazteko abisua ematea" egotzi zioten Arriri, Veguillas, auto-gidaria eta garraiolari baten heriotza eraginez. Abokatuek, baina, behin baino gehiagotan mahaigaineratu dituzte "prozesu honetan izandako akats ugari eta nabarmenak". Horretaz gain, "akusazioak izan zuen froga falta, torturaren bitartez eskuratutako deklarazio batzuekin ordezkatu zuten, nahiz eta deklarazio haiek bakarrik deklarazio polizialak izan, eta gainera, gero, epailearen aurrean ukatu eta adierazi eragindako torturen ondorio zirela", errepresioaren aurkako erakundeak berretsi duenez. Hala ere, 2007ko urtarrilaren bukaeran, Espainiako Auzitegi Gorenak ere atzera bota zuen abokatuen helegitea. Bitartean, 130 lagunek joan den ostiralean Algortako Telletxe plazan egindako elkarretaratzea.