Fred Weis Bilbao Basketen peña aurkeztu dute Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko api. 10a, 23:15

Itzubaltzeta / Romoko Anaiak taberna, "Billares" gisa ezagunagoa, Bizkaiko saskibaloiaren hiriburua izan da gaur arratsaldean. Izan ere, bertan aurkeztu dute bertako auzokideek sorturiko Fred Weis Bilbao Basketen peña berria, Bilbao Basketek duen laugarrena eta Bilbotik kanpo sortu den lehenengoa. Hitzordura ez dira falta izan peñako hogei kideak, saskibaloiaren dozenaka eta dozenaka jarraitzaile, 2 metro eta 18 zentimetro garaiera duen Fred Weis pibot frantsesa bera eta ezta Bilbao Basket beste kide asko ere, besteak beste, Marko Banic, Javi Salgado santutxuarra, Marcelinho Huertas eta Paco Vazquez jokalariak eta Jon Davalillo klubeko presidentea. Aingeru Larrazabal eta Gaizka Basterretxea peñako kideek gazteleraz eta frantsesez egindako aurkezpenean, eskertuko dute tabernak, jokalariek, klubak eta auzokideek peña osatzeko emandako laguntza guztia eta animatu dute bazkide egiten. Era berean, Fred Weis "txikitxuari" eman dizkiote peñako oroigarriak: kamiseta, txanoa, koadroa eta baita ohorezko bazkidearen karneta. Pasa den Gabon Zaharra Itzubaltzeta / Romon eman zuen pibota hunkituta agertu da, hitzik gabe, eta "horrelako uneetan egin daitekeen gauza bakarra" egin du: guztiei eskerrak ematea.

Fred Weis Bilbao Basketen peña osatzen dutenak auzokide ezagunak dira, herriko elkartegintzan parte hartzen urteak daramatzatenak. Hortaz, inor ez da harritu proiektu berri baten atzean aurpegi horiek ikusten. Dena den, ez dute proiektua bat-batean garatu, baizik eta denbora utzi diote forma emate aldera. Aingeru Larrazabalek adierazi duenez, "Bilbao Basketen aldeko peña sortzeko ideia orain dela urtebete izan genuen zazpi lagun, baina oraingo denboraldira arte ez dugu guztiz zehaztu". Dagoeneko hogei lagun dira peñan eta gaur, seguru asko, kopuru hori nabarmen igoko da.

Hasieratik izan zuten argi Fred izango zela peñaren protagonista "onenen artean onena delako, eta frantsesa izan arren bertakoa dirudi. Aldi berean, talde osoa, Bilbo Basket osoa da talde ona eta gu guztion jarraitzaileak gara", azaldu du Larrazabalek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun